Euskara egoera «larrian» dago osasun zerbitzu publikoetan, LABen ustez

Promoziorako eta lanera sartzeko prozedurek euskaldunei kalte egiten dietela uste du sindikatuak

Erredakzioa
Bilbo
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Osasun zerbitzu publikoetan, euskararen egoera «larria» dela salatu du LAB sindikatuak. Euskararen egunaren harira, sindikatuak salatu egin du Osakidetzak eta Nafarroako Gobernuak euskararekiko duten jarrera.

Nafarroako Gobernuak 1994. urtean sindikatuekin «zirkuitu elebidunak» sinatu zituela gogorarazi du LABek. Baina akordio hori ez dela «administrazioaren ezein ataletan» bete leporatu dio Nafarroako Gobernuari. Sindikatuaren arabera, egoerak okerrera egin du, gainera: «Gastu publikoaren murrizketaren harira, euskalduntzera bideratuta dauden diru sailak bidegabe murrizten ari dira».

Osakidetza ere kritikatu du, euskara eta euskaldunekiko duen jarrera dela eta. Batetik, euskara plana bultzatzeko konpromisorik agertu ez izana leporatu dio LABek Osakidetzako zuzendaritzari. Kalitatea neurtzean euskara ez ebaluatzea ere salatu du. Hala, «euskara normalizatzeko tresna bat galdu» egingo dela uste du sindikatuak. Euskara ikasteko liberatuen kopurua %25 jaitsi dutela gaineratu du: «2009ko urrian 231 langilek hartu zuten liberazioa lanetik euskara ikasteko; aurtengo urrian, 173k». Liberatutako langileenak baino eskaera gehiago izan direla argitu du sindikatuak.

Promozioan kaltetuak

Osakidetzan lanera sartzeko eta promoziorako prozedurek ere euskaldunak kaltetu egiten dituela salatu du LABek. Hainbat administraziotan lanera sartzeko iragarri berri diren zenbait oposizio «euskaldunen hizkuntza eskubideen kaltetan» egin direla uste du: «Osakidetzan, euskaldunei gai zerrendak askoz beranduago bidali izan zaizkie, kasu batzuetan azterketa egiteko epea igarota».

Euskaldunei lekualdatzeak eta promozioak lanpostu jakin batzuetara «mugatzen» dizkietela kritikatu du LABek: «Eremu euskaldunean dauden larrialdietako nekazaritza zerbitzuko mediku eta erizain lanpostuetara baino ezin dute promoziorik egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.