Euskara egunero sustatzearen alde egin du Eusko Legebiltzarrak

Euskara "bultzatuko" duten politika "orekatuak" egiteko konpromisoa azaldu du legebiltzarrak, Euskararen Egunaren harira eginiko adierazpenean.

2012ko abenduaren 3a
17:25
Entzun

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak irakurri du adierazpena. Azaldu duenez, euskara "denen hizkuntza" da, eta "elkartzeko eta aberasteko" hizkuntza izan behar du. Euskararen Eguna "egunero" izan behar dela adierazi du, eta erantsi du horretarako egunero sustatu behar dela hizkuntza.

Gizarte eleaniztunerako bidean urratsak egiteko asmoa azaldu du Tejeriak, eta euskara "bultzatzeko" politika "orekatuak" ezartzeko konpromisoa adierazi du. Euskararen Egunaren harira eginiko adierazpenaz gain, Euskararen Legearen 30. urteurrena ospatu dute legebiltzarrean. Han izan dira 1982an legea adostu zuten legebiltzarkideak, besteak beste, Juan Jose Pujana legebiltzarreko orduko presidentea eta Pedro Miguel Etxenike Eusko Jaurlaritzako garai hartako Kultura sailburua.

Tejeriaren arabera, "asko" dago egiteko euskararen normalizazioaren bidean, baina gaineratu du gai horretan ez dela "biktimismoan edo triunfalismoan" erori behar.

EH Bilduk ez du parte hartu Euskararen Legearen urteurrenaren harira eginiko ekitaldian. Legeak goia jo duela uste du koalizioak, eta normalizaziorako akordio nazional bat aldarrikatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.