HIZKUNTZA POLITIKA

Euskara eskakizun duen lanpostu bakar bat ere ez dago Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuan

Ana Ollo bozeramaileak eman du datua legebiltzarreko osoko bilkuran. Ogasun Departamentuko lanpostuetan ere ez da aintzat hartzen profil linguistikoa. Justizia Departamentuan, berriz, %0,1 dira euskarazko postuak.

Mikel Aranburu, Uxue Barkos, Ainhoa Aznarez eta Ana Ollo, parlamentuan. IñIGO URIZ
Ion Orzaiz.
2016ko martxoaren 3a
07:43
Entzun

Geroa Baiko Maria Solanak eginiko galderari erantzun dio Ana Ollo gobernuko bozeramaileak, eta iragan astean Euskarabideko zuzendari-kudeatzaile Mikel Arregik emandako datu orokorrak aletu ditu. Ollok azaldu duenez, oro har, bi departamentutan biltzen dira euskara eskakizun duten lanpostu gehienak:  Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanak, alde batetik, eta Hezkuntza, bestetik.

Hezkuntzaren kasuan, postuen %29tan egiten dira hizkuntza eskakizunak. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanen Departamentuan, berriz, 93 itzultzaile lanpostuetan soilik eskatzen da euskara ezagutzea. «Horrez gainera, kazetari bat eta teknikari euskaldun bakarra dauzkagu».

Olloren esanetan, «bereziki deigarria da» bi departamentutan ez dagoela euskara eskakizun duen lanpostu bakar bat ere: Ogasun Departamentuan eta Kulturan. Horiez gainera, Justizia Departamentuan, lanpostuen %0,1ean eskatzen da euskara, eta Osasunbidean, berriz, langile euskaldunen kopurua ez da %0,5era iristen. «Zehazki, Nafarroako Ospitale Gunean ez dago euskarazko profila duen lanpostu bakar bat ere».

Bozeramaileak gaineratu duenez, UPNren gobernuak LEP Lan Eskaintza Publiko bana egin zuen 2007an eta 2009an Osasunbidean: «Deialdi horietan ateratako 1.500 lanpostuetatik, 10etan bakarrik eskatzen zen euskararen ezagutza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.