Euskara eta ETA lotu izana ukatu egin du Lopezek, eta barkatzeko eskatu minduei

40.000 euro pagatuko ditu aurten Jaurlaritzak lehendakariaren euskara eskolak, iaz baino 4.000 euro gehiago

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Indarkeriaren amaiera eta euskararen askatasuna hizpide izan zituen adierazpenengatik norbait mindu duelakoan, barkamena eskatu du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Lopezek berretsi egin du euskararen askatasuna ez zuela lotu ETAren amaierarekin, eta orduko hartan esan nahi izan zuena berretsi du: «Indarkeriaren amaierak euskal hizkuntzari buruzko gaizki ulertuen aroa bukatuko du».

Eusko Legebiltzarrean eman zituen kontuak atzo Lopezek. Urtarrilaren 24an Euskararen Aholku Batzordea bildu ondoren egindako adierazpen polemikoak tarteko, hiru alderdik —EAJk, Aralarrek eta EAk— zuten eskatua agerraldia, ditxosozko esaldiaren harira. «Indarkeriaren amaierak behin betiko lotuko du euskara askatasunarekin», esan zuen Lopezek.

Esaldia gaizki ulertu zutela erantzun du lehendakariak, irmo adierazita «inoiz» ez duela lotu euskara indarkeriarekin. Nolanahi ere, berretsi du ETAren indarkeria bukatzeak mesede egingo diola euskarari: «Terrorismoaren amaierak ahalbidetuko du euskarak tabu izateari uztea».

Lehendakariak barkatzeko eskatu die adierazpen haiengatik mindu zirenei, «benetan» mindu zirenei. Lopezen ustez, bere irudiari kalte egiteko baliatu baitute eztabaida: «Batzuek mindu itxura egin dute, soilik lehendakariari eraso egiteko. Ika-mika horiek ez diote onik egiten euskarari».

«Zergatik euskara?»

Azalpenak eskatu dizkioten alderdiek galdetuz erantzun diote, zergatik ez zuen ETAren amaiera lotu gaztelaniarekin eta frantsesarekin. «Zergatik euskararekin?», esan dio Joseba Egibarrek (EAJ). Arabiar Emirerrietarako bidaia gogoan, Aralarreko Mikel Basabek galdetu dio han lotu al zituen arabieraren askatasuna eta Al-Kaeda amaitzea. Juanjo Agirrezabalak (EA) indarkeria euskaldun guztiekin lotzea egotzi dio.

Lopezen euskara eskolak pagatzeko, berriz, 40.235 euro jarriko ditu Jaurlaritzak aurten, berri agentzien arabera. Iaz 36.600 euro ordaindu zituen. Lehendakariak iaz esan zuen «piper» egiten zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.