Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika Bruselan izan da gaur. Euskara normalizatzeko lanen berri eman die Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareko kideei. Haiek nabarmendu dute euskararen eta galeikoaren berreskurapen prozesuak "kasu eraginkor eta aurreratuenen" arten daudela.
Euskarak gizartean izan duen bilakaerak erakusten du "gutxiagotutako hizkuntza bat, hizkuntza hegemoniko eta indartsu batekin batera bizi dena" biziberritzea posible dela, Baztarrikaren hitzetan.
Hizkuntzen normalizazio prozesuetarako, hiru baldintza aipatu ditu Hizkuntza Politikarako sailburuordeak: legezko babesa, "hizkuntza politika aktiboa" eta herritarren atxikimendua. "Erabakigarriena" azken hori dela erantsi du.
Datozen belaunaldiei begiratuta, zehaztu du euskara ez dagoela "hil zorian", baina "bizi indarra" duela jokoan. Erronka, euskara ezagutzen dutenak "hiztun eraginkor" bihurtzea izango dela gaineratu du.
Bizkaiko Diputazioari zerbitzu guztiak euskaraz jartzeko eskatu diote
Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskara eta Kultura Batzordeak diputazioari eskatu diote zerbitzu guztiak euskaraz emateko. Bilduk bi proposamen aurkeztu ditu, euskara lan eremu informaleko esparru guztietan hedatzeko. EAJk babestu egin du ekimena, eta PSE-EE abstenitu egin da. Aurkako botoa eman du PPk.
PSE-EEk beste testu bat aurkeztu du. Diputazio barruko lan harreman informaletan euskara sustatzeko sentsibilizatze lanak egiteko eskatu dute sozialistek, eta zerbitzu guztiak euskaraz ematea, "progresiboki". Bilduko kideei "epela" iruditu zaie proposamena, eta ez dute bat egin. Baina EAJren eta PPren babesa eskuratu du sozialisten proposamenak, eta onartu egin dute hori ere.
Bien bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak euskaraz ikasteak doakoa izan behar duela adierazi du, eta bide horretan urratsak egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Gipuzkoako euskaltegietako ordezkariekin bilera egin du Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak. Etxeburuak jakinarazi du 395.000 euro jarriko dituela diputazioak, helduen euskalduntze eta alfabetatzea sustatzeko. Batez ere langabezian daudenei emango dizkiete laguntza horiek.
Hizkuntza Gutxituen Europa Itunaren berrespena kolokan
Frantziako Gobernuak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna onesteko asmoa zuen konstituzioaren erreforma zabal baten barruan. Baliteke, ordea, konstituzioa aldatzeko boz aski ez lortzea. Jean Marc Ayrault Frantziako lehen ministroak estatuko zenbait talde kontsultatu ditu erreforma horri begira. Asanblea Nazionala eta Senatua bere alde izan arren, gobernuak ez lituzke bilduko konstituzioa aldatzeko behar diren bozak. Horretarako, Frantziako presidenteak, Kongresua (Asanblea eta Senatua elkarrekin) Versaillesen bildu, eta ezohiko ganbera horren %60ren babesa lortu behar du. 30 bat lirateke gobernuak eskas lituzkeen bozak. François Hollande Frantziako presidenteak uztailean bildu nahi zuen Kongresua, baina baliteke gobernu sozialistak atzera egitea porrotaren beldurraren aitzinean.
Erreforma horretan hainbat gai aztertu beharrak ziren. UMP oposizioko eskuineko alderdi nagusiak bat ere ez duela onartuko erran dio lehen ministroari. UDI Kongresuan 60 bat kide dituen zentroko alderdiaren presidente Jean Louis Borloo, berriz, “Konstituzioaren egonkortasun handienaren alde” azaldu da, baina haren alderdiko kide batzuk prest azaldu ziren erreformaren alde egiteko, atzerritarren bozkatzeko eskubidea erreformatik kenduz gero.
Hizkuntza Gutxituen Europako Itunari dagokionez, aterabide bat izan liteke “Ituna onartzea Konstituzioa aldatu gabe”, Colette Capdevielle Pirinio Atlantikoetako diputatuaren arabera. Konstituzio Kontseilua kontsultatzeko aukera badago, jakiteko euren “doktrina” aldatu den 1999. urtetik hona, Jean-Jacques Urvoas Frantziako diputatuaren arabera.
1999. urtean Frantziako Konstituzio Kontseiluak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna baztertu zuen, Frantziako Konstituzioaren bigarren artikuluaren kontra egiten zuelako. Bigarren artikulu horrek dio “Errepublikaren hizkuntza frantsesa da”.