EUSKARA. Euskararen alde bizikletaz ibiliko dira Demoak etzi eta igandean

Itzuli-mitzuli bizikleta ibilaldiak Gipuzkoa, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa zeharkatuko ditu hemeretzi orduan

ENEKO BIDEGAIN
BAIONA
2004ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
«Ez da kirol bizikleta». Demoek heldu den asteburuan Lapurdi, Gipuzkoa, Baxenabarre eta Zuberoan gaindi ibiliko den bizikleta lekukoa aurkeztu zuten atzo. Bizikleta hori zen Itzuli-mitzuli euskararen aldeko bizikleta ibilaldiaren aurkezpen prentsaurrekoko protagonista nagusia. Mahaiaren aitzinean zegoen, Demoen pegatinaz apaindurik.

Ez da kirol bizikleta. Ez eta mendikua ere. Bien arteko zerbait. Ederra. Berria. Bizikleta hori hemeretzi orduan ibiliko da bidean, gelditu gabe. Beti txirrindulari desberdina izanen du gainean. Demoek euskalzale orori egin diote ibilaldi horretan parte hartzeko deia, bakoitza bere bizikletarekin etor dadin. Biderako behar diren segurtasun neurriak hartu dituztela esan dute. Besteak beste, autoak, motoak, teknikariak eta sendagileak izanen dituzte zirkuitu osoan zehar.Ez da kirol bizikleta. Demoek ez daukate beren burua kirolaritzat. Besta eta animazioa antolatu dituzte ibilaldiak zeharkatuko dituen herrietan. Ibilaldia Baionako geltokitik abiatuko da larunbat arratsaldean. Ondoko hitzorduak herriko etxeen aitzinean finkatuak dira. Herri gehienetan, bizikleta ibilaldia handik pasa baino oren erdi lehenago hasiko dira animazioak.Ez da kirol bizikleta. Baina malda gogorrak igotzeko kirolariak aurkituko dituzte. Muskilditik animazio berezia antolatuko dute. Oskaxeko lepo gainera igotzeko «desafioa» antolatuko dute. Saria ere bai, Oskaxeko lepoan: ostatu bat.Ez da kirol bizikleta. Euskal Herriko zazpi herrialdeetan zehar ibili nahi zuten. «Baina antolatzeko lan handiegia zen», aitortu zuten. «Eta ez gara aski kirolariak», gehitu zuen bertze batek. Hala ere, lehenbiziko edizio horretan, «sinbolikoki», Gipuzkoako zati batean gaindi ibiliko dira. Ez dute burutik kentzen ondoko urte batez Euskal Herri osoan gaindi ibiltzeko aukera. Demoek garrantzia ematen diote Hego Euskal Herrian sartzeari, Hegoaldean laguntzaile anitz dutelako. Diru kontu bat irekiko dute Hego Euskal Herrian, diru laguntzak jaso ahal izateko.

Euskara aldarrikatzeko eta isunak ordaintzeko

Ez da kirol bizikleta eta kirolariak ez direnek ere parte har dezakete. Demoek, euskararen ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenaz gain, beren auzietako isunak ordaindu ahal izateko diru sarrerak lortu nahi dituzte bizikleta ibilaldi horren bidez, sostengu bonoak salduz. Desobedientzia ekintzetan parte har ez dezaketenek dirua eman dezaten proposatu zuten. Jadanik 60.000 eurora igoa da Demoek ordaindu beharreko isuna. «Herriaren sostengua behar dugu, diruak ez ditzan gure ekintzak geldiarazi», zioen Peio Jorajuria demoak. Bururatzean, saldu diren sostengu bonoen artean, hemeretzi orduan bidean ibili bizikleta lekukoa zozketatuko da. Bizikleta ederra. Nahiz eta ez den kirol bizikleta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.