EUSKARA. Ez dago apustu estrategikorik

Joanmari Larrarte.
2008ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Bigarren urtez, udan ezagutu ditugu euskarazko hedabideei ematen zaizkien diru laguntzak, eta hori behintzat eskertzekoa da. Espero dezagun, bide honetatik, hurrengo urteetan oraindik gehiago aurreratu eta urte hasieran ezagutaraztea. Horrez gain, pozteko gauza gutxi ikusi dugu 2008ko diru laguntzen erabakian. Hona hemen gogoetarako zenbait ideia.



Argitalpen berriak. Hiru aldizkari berrik jasoko dute lehen aldiz Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza 2008an (webgune batzuek ere bai), hirurak ere aldizkari espezializatuak, bidaia eta aisiarekin lotutako bik -Nora eta Zazpi haizetara- eta ekonomiari buruzko batek -Ekonomiaz-. Dudarik gabe, oraindik ere hain erdalduna izaten jarraitzen duen kioskoari begira berri ona da hori. Horrekin batera badira berri txarragoak ere, haurrentzako eta gazteentzako Ipurbeltz eta Xirika 2008an desagertuko baitira. Aldizkari batzuk, berriz, papera utzi eta bakarrik Interneten argitaratuko dira, adibidez, Entzun aldizkaria.



Hazkunderik ez laguntzetan. Diru laguntzetan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hedabideeei emandako dirua ez da handitu 2007tik 2008ra, KPI igo den azpitik igo da laguntzetan emandakoa eta (%3). Eta hori ez da berri ona. Euskarak behar handiak ditu, hedabideetan ere bai; hedabideak ugaritu eta horien zabalkundea handitzea ezinbestekoa da, eta, horretarako, inbertsioak behar dira, zail dauden inbertsioak. Hedabideen diru iturria handitzea ez da samurra salmenta-harpidetza eta publizitatea handitzen ez diren bitartean, eta hori zaila da sustapenerako baliabide urri dituen sektorean, eta, zailagoa, ikusten ari garen bezala atzerakada ekonomikoa (horrela esaten omen zaio orain krisiari) dagoenean. Behin baino gehiagotan esan izan dugu ez dagoela apustu estrategikorik euskarazko hedabideen arloan, eta orain ere nahiko nabarmen geratzen ari da, krisi garaiei aurre egiteko inbertsio estrategikoetarako hainbat ekimen iragartzen ari dira, baina euskarazko hedabideentzat ez dago horrelakorik. Duela urtebete esaten genuen 2006tik 2007ra toki aldizkariek izandako igoera zela bide egokia, hedabide guztietara zabaldu beharreko joera, baina horientzat ere berriro izoztea etorri da.



Egunerokoetan, telebistan eta Interneten hazkundea 0 da. Izan den hazkunde apurra nazio mailako aldizkarietan izan da, %8 (dirua batez ere aldizkari berrietara joan da), eta erdarazko egunkarien gehigarrietan, %5. Eta oso kontuan hartzekoa da 2005etik 2008ra tokiko egunkarien atalean izan den diru hazkunde urria, diru sail hori urtetik urtera ia ez da handitzen, eta aldizkari batzuek duela 3 edo 4 urte baino laguntza txikiagoa ere jasotzen dute.



Erdarazkoetan gero eta gehiago inbertitzen da. 2006tik aurrera erdarazko egunkariei laguntzak ematen zaizkie euskarazko gehigarriak egiteko, eta azken urteetan ez bezala, aurten nagusiki erdaraz ari diren telebista batzuei ere eman zaie laguntza. Hedabide elebidunen ekarpena aspaldi jarri izan da zalantzan, eta beste noizbait esan izan dugun bezala, erdarazko hedabideak euskalduntzen joateko apustua egin behar bada (eta zoritxarrez ez dugu uste horren aurrean gaudenik), bestelako diru sail batzuk sortu beharko lirateke horretarako, «euskarazko hedabideak sendotzeko» erabiltzen den dirua euskarazkoetara bideratuta.

Euskararen Aholku Batzordearen azpian, Hedabideen azterketarako azpibatzorde bat ari da lanean urte hasieratik, eta sektoreari estrategikotasuna aitortu eta indartzea baldin badu helburu, eskaintza, eskaria, kalitatea eta beste hainbat gairekin batera, badu horretan ere zer aztertua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.