HIZKUNTZA POLITIKA

Euskara "gizarteko arlo guztietan" sustatzeko plana aurkeztu du Nafarroako Gobernuak

2016-2019 epean aplikatu nahi dituzte egitasmoan aurreikusten diren neurriak. Ikasketa nahiz erabilera soziala indartzea eta zerbitzu publikoetan euskararen eskaintza handitzea dira planaren helburuetako batzuk.

Ekainean, euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko manifestazioa egin zuen Kontseiluak Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2016ko urriaren 21a
10:51
Entzun

Nafarroan euskara sustatzeko I Plan Estrategikoa aurkeztu dute gaur Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Euskarabideko zuzendari Mikel Arregik. Horren bitartez, "hizkuntzaren ikasketa sustatu eta erraztu" nahi du nafar exekutiboak, eta horrez gainera, euskararen prestigioa eta erabilera soziala indartu. Egitasmoaren lehen bertsioa da gaur goizean aurkeztu dutena, behin-behinekoa, azaroaren 21era arte zabalik egonen baita ekarpenak egiteko epea. Tramite hori eginda, abendurako jarri nahi dute martxan.

Zazpi ardatz estrategiko proposatzen ditu Nafarroako Gobernuak 2016-2019 aldirako:

-Euskararen erabilera soziala: euskara sustatzea harreman informaletan, hedabideetan, merkataritzan eta aisialdiko jardueretan.

-Hiztun berriak: euskara bizitzaren etapa guztietan ikastea eta hizkuntzak hiztunak irabaztea, haurrak nahiz helduak euskalduntzeko prozesua bizkortuz.

-Zerbitzu publikoak: administrazio publikoak zerbitzua euyskaraz emateko hobeki gaitzea eta zerbitzu publikoetan euskararen eskaintza handitzea.

-Prestigioa: Euskara gizartearen balio positiboei lotzea, modu "atzeraezin eta betikoan".

-Ekonomia eragilea: Euskarak duen balioa Nafarroako sektore ekoizle, teknologiko eta berritzaileekin elkartzea.

-Hizkuntzaren esparrua: Araungitza landuko du gobernuak, hizkuntza eskubideak babestuko dituen eta euskararen sustapena bultzatuko duen hizkuntza politika dinamizatuz.

-Euskarabidearen barne kudeaketa: Euskarabideak kudeaketa eredu bihurtuko duten baliabide ekonomikoak, giza arlokoak, materialak eta metodologikoak badituela bermatzea.

Ana Ollo kontzeilariak adierazi duenez, hainbat arlotako 60 bat ordezkarik parte hartu dute plan estrategikoaren ontze prozesuan; besteak beste, euskarazko hedabideak, euskararen sustapenean inplikatutako erakunde sozialak, hezkuntza sektorekoak (unibertsitateak, euskaltegiak, ikastetxeetako zuzendariak...), administrazio publikoak eta eragile kulturalak.

Plana azaltzeko, aurkezpen ekitaldiak eginen dituzte Nafarroako sei udalerritan: Tafallan eta Iruñean urriaren 24an, Leitzan eta Zangotzan urriaren 25ean, eta Lizarran nahiz Tuteran urriaren 26an. Bilera sektorialak ere eginen dituzte azaroko lehen egunetan, elkarte, hedabide, administrazio, hezkuntza, kultura eta sozio-ekonomia alorretako eragileekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.