EAEko Euskararen Erabilera Normaltzeko Oinarri Legearen 25 urteak aztertzeko jardunaldiak antolatu zituzten duela lau urte Euskaltzaindiak eta Sabino Arana fundazioak. Hausnarketan parte hartu zuen Mikel Zalbide euskaltzainak, hezkuntza alorrean izan duen eraginari erreparatuz. Orain Euskararen legeak hogeita bost urte. Eskola alorreko bilakaera: balioespen-saioa izeneko lanean jaso du gogoeta hura.
Zer aldatu da euskararen munduan legea onartu zenetik gaur egunera?
Lehenengo aldiz euskaraz hitz egiten jakiteaz gain hein batean euskaraz idazten eta irakurtzen badakien etxetik euskaldun direnen belaunaldi berri bat dugu. Guk ez genekien. Honek gerora begira dituen abantailak eta mugak oso kontuan hartzekoak dira, noski, baina datu hori berria da eta ez da ahaztu behar. Eta, horrekin batera, gaur badago 35 urtetik beherako herritar multzo zabal bat, euskara gutxienez ezaguna suertatzen zaiena, entzunda eta irakurriz ulertzeko gai dena, edo zerbait idazteko eta zerbait hitz egiteko gai dena.
Legeari zer helburu jarri zitzaizkion?
Uste zen etxeko esparru informal hori ez zela legez landu behar. Esparru formala, idatzizkoa eta ahozkoa segurtatu behar zitzaizkion euskarari. Pentsatzen zen euskara gora eramanez zabaldu ere egingo zela. Eta legeak hori oso markatua dauka kopetan. Denborak erakutsi digu hizkuntza bat biziko baldin bada egin behar duen lehenengo gauza dela ez hil. Eta hilko ez bada egin belaunez belaun transmititu behar du, ama hizkuntza moduan. Hau da, hurrengo belaunaldiak etxean ikasi behar du hizkuntza. Berriro erdara ikasten badu, eta gero eskolara bidali behar bada euskara ikas dezan, berriro hutsetik hasten da. Beraz, aurreko belaunaldiak egin duen esfortzu guztia alferrik izango da.
Horretan huts egin zuen, hortaz?
Ez baitzuen hori helburu! Legeak hizkuntza eskubideen norbanakoen irizpidea zuen oinarri, eta, horren arabera, gurasoei eta adin batetik aurrera ikasleei beraiei aitortzen zitzaien ikasketak hizkuntza batean edo bestean egiteko erabakimena. Erabakimen hori benetan egia bihurtu ahal izatea lan handia izan da, ze hasieran ez zegoen irakasle euskaldunik. 1976an Hegoaldeko lau herrialdeetan ez ziren %5era iristen euskaraz zerbait zekiten irakasleak. Orain, ordea, EAEn %80 pasatu dira EGA edo horren pareko maila dutenak.
Legea gerturatu da helburuetara?
Europako hiztun gutxidun beste herrietan egin den lanarekin alderatu daiteke hemen lortutakoa. Hori eginez gero, dudarik gabe lehenengoak gara hezkuntza esparruan. Herri hauetako hizkuntzaren aldeko talde eta ikerketa taldeetako arduradunek esaten digute eredugarri garela. Gizarte honek eman duen pausoa benetakoa da. Barne neurketa ere egin daiteke. Adibidez, zenbateko pausoa eman da komunikabideetan? Euskara hutsezko komunikabidea D eredukoa dela esango dugu, erdi eta erdi ematen duena B, orrialde bat eskaintzen diona A eta erdara hutsean ari dena X. Orain alderatu hezkuntzako ereduak eta komunikabideetakoak. Non egin da gehiago? Erantzuna argi dago, ez? Honek esan nahi du legeak aipatzen dituen helburuak osorik bete direla? Ez.
Hezkuntzak euskaldundu du. Baina erabilera sustatzen asmatu al du? Bere lana al da hori?
Legeak baietz dio, eskolak hori egin behar duela. Baina hizkuntzaren eboluzioa belaunaldi baten barruan oso neurri mugatuan determinatzen du legeak.
Hortaz, beste 25 urte pasatakoan beteko ditu ezarritako helburuok?
Komeni da gogoeta egitea. Zertan lortu dugun aurrerapenik, eta zertan nekez lor litekeen baldin eta bestelako gauza batzuk egiten ez badira? Beste formulazio horrek eskatzen du elebitasuna atributu pertsonala dela kontuan hartzea eta hemen atributu kolektiboez hitz egin beharra daukagula. Zer leku behar du euskarak, zer leku gaztelerak eta dagokion neurrian atzerriko hizkuntzaren batek hemendik 20-25 urteko Euskal Herrian?
Zer irakatsi du lege horrek?
Huts egin genuela gure formulazio globaletan. Uste izan genuen lehendabizi umeei euskara irakatsiko geniela, gero umeek euskaraz egingo zutela, euskaldunak euskaldunekin ezkonduko zirela eta familia euskaldunak sortuko zirela. Orduko formulazioetan hori zen oinarria: eskola zen traktorea. Orain badakigu ez dela horrela. Eskola alorreko ahalegina perspektiba zabalagoko ahaleginean txertatu behar da. Mintza jardunaren gizarte moldaera determinatzen duten faktoreak era askotakoak dira.
Mikel Zalbide. Euskaltzain osoa
«Euskara gora eramanez zabalduko zela uste zen»
Euskararen normalizaziorako legediak transmisioaren zama eskolari utzi ziola dio Mikel Zalbidek, baina formulazio hori okerra dela ikasi dute. Eskolakoa ahalegin globalago batean txertatu behar dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu