Hizkuntz Eskubideen Eguna ospatuko dute gaur Santurtzin (Bizkaia), Euskal Herrian Euskaraz talde euskaltzaleak deituta. Hizkuntza eskubideen defentsa guztion esku leloa izango du aurtengoak. Aurreko bi urteetan herri txiki eta euskaldunetara jo zuen EHEk, Lesaka (Nafarroa) eta Oiartzunera(Gipuzkoa), baina aurten herri handi eta erdaldunetara joan nahi izan du. «Euskaldun guztioi Euskal Herri osoan hizkuntza eskubide berberak dagozkigula aldarrikatu nahi izan dugu, herri euskaldunean edo erdaldunean bizi arren», azaldu du EHEk. Aurten, gainera, urrats berria eman nahi duela gehitu du: «Leloak argi dioen moduan, hizkuntza eskubideen defentsan jarri nahi dugu indarra eta guztiok badugula zer egina horretan aldarrikatu nahi dugu».
Egun osoko egitaraua prestatu du EHEk gaurko, aisialdirako eta aldarrikapenerako eskaintzak uztartuz. 11:00etan III. Nazio Bilkura egingo dute, eta hizkuntz eskubideen egoera izango dute aztergai. Alde batetik, iaztik hona gertatu diren hizkuntz eskubideen urraketa nabarmenenak azalduko dituzte, eta, bestetik, hizkuntza eskubideen alde egindako lan eta borroken berri emango. Halaber, egitasmo berriak aztertuko dituzte. Nazio Bilkuran parte hartzeko gonbidapena alderdi eta sindikatu abertzaleei, euskalgintza eta herri mugimenduetako ordezkariei, gazte eta ikasle mugimenduari egin dio EHEk. Herritarrei ere parte hartzeko deia egin die. Bilkura amaituta, manifestazioa egingo dute, eta, ondoren, festa nagusituko da.
Batasunak eta Udalbiltzak bat egin dute
Batasunak eta Udalbiltzak EHEren deiarekin bat egin eta bertan izango direla ziurtatu dute. Batasunak gaur egungo hizkuntz politikak agortuta daudela berretsi eta hizkuntz eskubideak bermatuko dituen hizkuntz politika eskatu du. Udalbiltzak, berriz, EHEren lana zoriondu du.
EUSKARA . Hizkuntz Eskubideen Eguna egingo da gaur Santurtzin, EHEk deituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu