Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan goiti egin du biztanle elebidunen kopuruak, inkestako ondorioetan erraten dutenez, «aurrerapena argia eta begibistakoa da». Handitze hori euskaldun berriei zor zaie, hezkuntza sisteman euskaldundu diren milaka gazteei batez ere. Baina euskaraz jakitea eta erabiltzea ez doaz parean; urrats bat atzerago baitoa erabilera.
gHIZKUNTZA-GAITASUNA: EAEko biztanleen ia herena (%29,4) elebiduna da. 1991ko inkestaren arabera, %24,1ekoa zen orduan. Alegia, hamar urtean, 419.200 hiztun izatetik 530.900 izatera pasatu da. Gehikuntza hau milaka gazte euskaldundu izanari zor zaio; hala ere, gehikuntza ez da handiagoa izan jaiotze-tasa ikaragarri jaitsi delako.
gHIZKUNTZAREN TRANSMISIOA: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lau biztanletatik hiruk (%76,1) gaztelania izan dute ama-hizkuntza. Euskararen jarraipena ia erabatekoa da guraso biek euskaraz dakitenean, eta gero eta gehiago egiten da soilik bietako batek hitz egiten dakien kasuetan ere. Euskara lehen hizkuntza izan ez duten elebidunak populazio osoaren %8,9 dira; eta kopurua etengabe ari da handitzen. Familia bidez soilik euskara transmititzeak beheiti egin du euskara gaztelaniarekin batera transmititzearen mesedean.
gEUSKARAREN ERABILERA: Inkestaren arabera, orain dela hamar urte baino gehiago hitz egiten da euskaraz. Euskaraz gaztelaniaz adina edo gehiago hitz egiten duten euskaldun berriak gehitzen ari dira etengabe. Hala ere, gehikuntza finkatu egin dela erraten ahal da. Gazteenak dira euskaraz gehien hitz egiten dutenak. Euskararen erabilerak goiti egin izana euskaraz gero eta gehiago hitz egiten duten euskaldun berriak ugaritu izanari zor zaio batik bat. Gune erdaldunenak dira euskararen erabilerari dagokionez dinamiko eta aldakorrenak. Azken hamar urteetan, erabilera publikoa lagunarteko erabilerak edota etxeko erabilerak baino gehiago handitu da.
gJARRERAK eta iritziak: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoakoherritarren erdia euskara sustatzeko politikaren alde dago. Horretan, ez dago ezberdintasun handirik adinaren arabera, baina bai probintzien arabera; euskararen aurkako jarrera dutenak %10 dira Gipuzkoan, %17 Bizkaian eta %28 Araban.
EUSKARA. III. SOZIOLINGUISTIKAKO INKESTA. Euskaldun berriei zor zaie igoera
Duela hamar urte baino 110.000 elebidun gehiago dago; euskararen erabileraren hazkundea, ordea, motelago doa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu