Euskara ikasleen testigantzak

Euskara ikasleak omendu ditu aurtengo Korrikak, eta haietako batzuen testigantzak bildu ditu BERRIAk.

2013ko martxoaren 22a
08:17
Entzun

Jesus Mari Bergara (Gasteiz, Araba): "62 urte dauzkat, eta orain denbora daukat, erretiratuta nagoelako. Nire bi seme-alabek badakite euskaraz, eta niretzat zen egin beharrekoa, gure hizkuntza delako. Ez dut behar titulurik, niretzat onena hitz egitea da".

Ruth Sancho (Santurtzi, Bizkaia): "Beti ikasi nahi izan dut euskara. Iaz pentsatu nuen ezin nuela gehiago atzeratu, eta euskaltegira joan nintzen. 1.a gainditu ondoren, aurten 2.a lortzea espero dut. Lortu ezean, berriz saiatuko naiz, helburua EGA dut eta".

Miluska Calero (Gernika-Lumo, Bizkaia): "Perun jaio nintzen, eta 7 urte neuzkanean Espainiara etorri nintzen; orain, 23 urte dauzkat. Haur hezkuntza ikasten ari naiz Leioan. Iaztik, euskaraz ikasten ari naiz, eta momentuz A2 mailan nago.

Jesus Mari Lakuntza (Aduna, Gipuzkoa): "Esfortzu handia egiten dut euskaltegira astean hiru egunetan joateko, baina merezi du. Pixkanaka, hobetzen ari naiz. Euskara ikasten ari naiz, nire herriko hizkuntza delako eta eguneroko bizitzan erabili nahi dudalako".

Alexander Sanchez (Getxo, Bizkaia): "Merezi du, hizkuntza zaila izan arren ate asko zabaltzen zaizkizulako. Euskara jakiteak lan on bat lortzen laguntzea espero dut. Ni hizkuntza irakaslea naiz, eta Euskal Herrian euskara beharrezkoa da, gure kultura baita".

Guilles Riviere (Baiona, Lapurdi): "Euskara ikastea gustatu zait, burumuina ziztatzen baitu, eta desberdinki pentsarazten baitu. Orain harreman interesgarriagoak ditut euskaldunekin lanean, eta nire haurrekin kidetasun bat sortzen da".

Gorka Ibañez (Iruñea, Nafarroa): "Gure aitona-amonen hizkuntza jakiteko hasi nintzen euskara ikasten. Baita gure hizkuntza bultzatzeko ere, zeren eta herritarrok bakarrik manten baitezakegu hizkuntza. Denon artean eutsi behar diogu euskarari".

Man-Kwan Chen Lau (Bilbo, Bizkaia): "Euskara hitz egiten duten lagunak ditut, eta elkarrizketak ez ulertzeagatik oso txarto sentitu nintzen. Euskara ikastea erabaki nuen. Orain zerbait uler eta esan dezaket, eta oso pozik nago; ahalegina merezi du".

Soraia Lopez (Larraga, Nafarroa): "Nire hizkuntza delako hasi nintzen ikasten. Klasera etortzea asko gustatzen zait. Euskarak alaitasuna ematen dit, abestiak ulertzen ditudalako, liburuak irakur ditzaket, telebista euskaraz ikusi...".

Noelia Martinez (Hondarribia, Gipuzkoa): "Noski, merezi du. Oso gauza onak ekarri dizkit euskara ikasteak, euskaltegian hasi nintzenetik, orain dela hiru urte. Euskarak nire bizitza aberasten du hainbat arlotan, eta horretaz gozatzen dut egunero.

Aingeru Argain (Bizkarreta, Nafarroa): "Nire herriko hizkuntza delako ikasten dut euskara. Barnetegiak ere asko gustatzen zaizkit eta, batez ere, denon artean hitz egitea. Ahaleginak merezi du, noski, ahalegin txiki aunitzekin emaitza onak lortzen baititugu. Euskaraz bizitzea eta etorkizunean seme-alabekin ongi hitz egitea dut amets".

Koldo Marijuan (Barakaldo, Bizkaia): "Euskaraz hitz egitea sentimendu bat da niretzat, herri baten sentimenduarekin bat datorrena. Oraingoz, ez dut ametsa betetzea lortu, horregatik egin behar izaten dut ahalegin handia. Oztopo batzuk gainditu behar ditut, baina bai, euskara ikastea merezi du".

Claire Lacave (Angelu, Lapurdi): "Barnetik sentitzen dudan hizkuntza da; etorri nintzenean, nire lehen urratsa euskara ikastea izan zen. Hemen ontsa bizi eta sentitzeko, hizkuntzaz jabetu behar nuen, euskara eta Euskal Herria lotuak baitira".

Marta Garcia (Elgoibar, Gipuzkoa): "Duela gutxi ama izan naiz, eta, euskara ikasteari esker, gaur egun gaitasuna daukat semeari euskara irakasteko. Etorkizunean, semearen ama hizkuntza euskara izango da. Hori oso garrantzitsua da nire ustez, batez ere kontuan hartzen badugu Euskal Herrian bizi garela.".

Eneko Uzkiza (Luiaondo, Araba): "Amorrua eman zidan garai batean ikasi nuena galtzen ari nintzela ikusteak, eta horrek bultzatu ninduen euskarazko ikasketak berreskuratzera. Euskaltegian lehenago izena ez emateaz bakarrik damutzen naiz".

Piter Encinas (Arrasate, Gipuzkoa): "Gehien gustatzen zaidana giroa da, baina irakasleek ematen dutenari balio handia ematen diot; esan dezaket ez dugula ikasten gure hizkuntza bakarrik, askoz gehiago baizik; mila esker. Beste aldetik, aipatu behar dut Lesakan eta Lazkaon egon naizela barnetegiak egiten, eta biztanleen jarrera txapela kentzeko modukoa izan da".

Elodie Deschamps (Durango, Bizkaia): "Elodie naiz, Frantziakoa naiz, eta lau urte daramatzat Durangon bizitzen. Nire mutil-lagunagatik hasi nintzen euskara ikasten. Bera Durangokoa da, eta bere familia eta lagunak euskaldunak dira. Azken batean, integratzeko modu bat izan da. Orain frantseseko irakaslea izan nahi dut, eta beharrezkoa da titulua lortzea. Gehien gustatzen zaidana jendea ezagutzea da. Gainera, hainbat gauza ikasi ditut Euskal Herriko istorioari buruz, eta nire ustez oso garrantzitsua da. Hizkuntza ez da bakarrik gramatika, baizik eta kultura ezagutzea eta, batez ere, hizkuntza erabiltzea".

Rosa Obregon Montero (Santurtzi, Bizkaia): "Euskal Herrikoa izanda, hizkuntza ezagutzea oso garrantzitsua dela uste dut. Amore ematea pentsatu dut hamaika aldiz, baina gero ikusten dut esfortzuak merezi duela, eta esaten diot neure buruari: “Azken batean, nire hizkuntza da!".

Natxo Aragues Ecay (Eultze, Nafarroa): "Ni Zaragozakoa naiz, baina beti gustatu zait euskara, batez ere euskal musika. Orain Euskal Herrian bizi naiz, seme-alabak D ereduan ditut, eta nire momentua da euskara ikasteko. Zaila da, baina asko gozatzen dut, eta oso ongi pasatzen dugu euskaltegian".

Veronica Lopez Alegre (Dulantzi, Araba): "Nahiz eta bidea erraza ez izan, azkenean euskaraz ikastea lortu dut. Prozesu hori esaldi batean laburbil dezaket: hasieran beharra, gero ohitura, eta orain bizimodua. Lehenengo kontaktua oso gogorra izan zen, zerotik hastea ez da erraza. Gaur egun, ordea, elkarrizketa mantentzeko gai izatea oso atsegina da, ahaleginak merezi du".

Miguel Perez Viñez (Gasteiz, Araba): "Gasteiztarra eta pilotaria naiz. Eta eskupilotan herriz herri ibiltzean konturatu nintzen euskara jatorri-hizkuntza dela. Lehen, nahiz eta dena ulertu, ez nintzen inoiz gai izan hurrengo urratsa emateko: mintzatzea. IKAri esker lortu dut. Badakizue zer den euskaldun-zaharrek ondo hitz egiten duzula esatea? Horixe da nire kalifikaziorik garrantzitsuena!"

Ignacio Suarez Deza  (Castejon, Nafarroa): "Euskara ikastera, lehenik eta behin, nire herriaren hizkuntza izateak bultzatu ninduen. Bigarren arrazoia da euskararik gabe ez dagoela Euskal Herririk. Eta, garrantzitsuena, Erriberan euskararen presentzia ezinbestekoa dela".

Begoña del Pozo (Getxo, Bizkaia): "Langabezian geratu nintzen eta bururatu zitzaidan euskara berreskuratzea. Euskaltegian giroa oso ona da eta asko laguntzen du gustura ikasteko.Gainera haurdun nago eta gustatuko litzaidake heziketa euskaraz ematea umeari".

Marlene Mainhaguiet (Maule, Zuberoa): "Euskaldun Gazteria alkartean lana hasi düdalarik, izigarri inportanta atzaman düt eüskararen ikastea, alkarte hortan gazteek eüskara egünorozko bizian baliatzen beitüe. Ez da aixa mintzatzea, bena izigarri kuntent nüzü hobeki entelegatzea".

Mikel Ruano Gonzalez (Iruñea, Nafarroa): "Iruñekoa naiz eta bertan jaio nintzen, baina gure arbasoak Uztarrozekoak ziren (Erronkariko Ibaxa). Nahiz eta Iruñean jaio eta Iruñean bizi, herria beti garrantzitsua izan da niretzat. Gure lehengusuek badakite euskaraz, gure arbasoek euskaraz hitz egiten zuten… Eta nik? Batere ez? Hori nola da posible? Nire neskalagunak ere izugarri lagundu dit. Ultzamakoa da, euskalduna, eta, orain dela bi urte, euskaraz ongi ikastera bultzatu ninduen. DBHn nire hautazko ikasgaia izan zen euskara eta oinarri handi samarra hartu nuen. Hala ere, DBH bukatu ondoren hizkuntza ikasteari utzi nionez, nahikotxo ahaztu zitzaidan. Orain, ordea, oinarri txiki horrek euskaltegian aritzeko izugarri lagundu dit. Eta neure buruari galdetzen diot nola egon naizen hainbeste denbora hizkuntza zoragarri hau ikasi gabe.
Esperientzia ikaragarria izaten ari da. Dena dela, neketsua ere bada, ezin da ukatu. Izan ere, helduak garenean beste hizkuntza bat ikastea ez baita inoiz erraza izaten, baina Europako hizkuntzarik zaharrena da, eta gure arbasoen ondarea gainera. Hau jakinda, euskara ikasten jarraitzeko eta aurrera egiteko gogoa ere handiagoa da. Beste hizkuntza bat ikasteko motibazioa da garrantzitsuena. Zergatik eskolan ari nintzenean ingelesez hain gaizki, eta orain euskaraz hain ongi? Mo-ti-ba-zi-o-a.

Azken finean, eskerrak ematen dizkizuet euskara ikasteko aukera eman didazuen guztiei, hizkuntza zoragarri hau maitatzen lagundu didazuelako (eta bereziki IKAren Arturo Campiongo nire irakasle eta ikaslagunei)".

Merche Herrera De La Marta (Altsasu, Nafarroa): "Euskaldunekin ongi komunikatzeko ikasi nuen euskara. Gainera, euskararen gramatikaren logika gustatzen zait gehien, berezia delako. Ahaleginak merezi du, bai. Ate asko ireki dizkit kultura aldetik, lan aldetik, erlazio sozialen aldetik..."

Fernando Garcia Penedo (Errenteria, Gipuzkoa): "Ama hizkuntza gaztelania dudan arren, beti ulertu dut gure hizkuntza euskara dela. Euskaraz bizi nahi dudalako ari naiz ikasten. Euskara bultzatzeko, denon artean, bakoitzak bere arloan, euskara sustatu behar dugu. Eredu ederrak dauzkagu euskaltegietan, eta zer esanik ez Korrikan! Hortaz, animatu eta parte hartu, lortuko baitugu".

Javier Martinez Elvira (Mendabia, Nafarroa): "Jakina merezi duela, eta eskerrak! Orain gai naiz edonorekin euskaraz aritzeko, baita irakasteko ere, eta Mendabian, zailtasunak zailtasun, euskara gehiago entzuten da. Gainera, gure ingurua beste ikuspegi batetik aztertzeko aukera eman dit".

David Mangana Gomez (Gasteiz, Araba): "“Zer behar da hitz egiteko? Bizitzea. Hitz egitea besterik ez da behar...”.

Hor nengoen ni, duela hiru urte, ilusioz beteta, euskaltegiko atarian. Ikastetxean hamar urtean baino gehiagoan euskara ikasi eta gero, hitzik ahoskatu ere ez. “Garagardo bat, mesedez”, agian, Bagare tabernan.

Lehenengo berbak Zaldiaran plazako ikasgelan izan ziren, eta, egia esan, metafora bat iruditzen zait orain, mendi izugarria ere ikusten nuelako nire aurrean, ahoa bete hortz.

Hitz egitea, besterik ez. Hitza eta ekintza. Horrela jarraitzen dut, hitz eginez lagunak egiten. Hizkuntza gozatuz. Hitzekin jokatuz. Korapilo, melodikoa. Berpiztu, gogorarazlea. Itsulapiko, dibertigarria. Ahoa bete poz geratzen naiz euskal hizketaren aurkikuntza bakoitzarekin. Non zeundeten orain arte?
Mendiak igotzean gailurreko ikuspegia da beti ametsa...

Ikaskide batzuek titulua ikusi nahi dute handik. Beste batzuek, bidaian, haien lagunekin gustura, hobeto bizi izatea daukate lagun. Zenbaitek begitokitik asmatzen dute gizarte beteago bat... Edozein aitzakia ona iruditzen zait mendian topo egiteko.

Nik mendian gailur pila bat aurkitu ditut dagoeneko. Zelako bistak! Baina, mendia leku publikoa bada —orain arte, gutxienez, hala izan da; eta hala izan dadila—, zergatik zeharo publikotzat ez hartu? Denontzat musu-truk izan beharko luke euskara ikasteak. Eskubidea da, euskara eskura izateko. Ahora izateko. Hori da denok batera egiten ari garen bidaia honetan aurkitu dudan oztopo bakarra.

Elkarrekin ari garenez, denon artean egin behar dugu. Bultzatu behar dugu. Gailurrez gailur, etapaz etapa. Etenik gabeko lasterketan. Korrika etorkizunaren eguneroko urratsa bihurtzen saiatuz. Edozein leku euskararen hiztoki —hitz hori asmatzeko baimena eskatzen dut— bihurtzeko.

Hitz egitea, bizi izatea. Besterik ez da".

Rosa Pili Abrisketa (Laudio, Araba): "Nire semeari lagundu nahi izateak bultzatu ninduen. Semea jaio baino lehen ez neukan inolako harremanik euskararekin; beraz, semea eskolan hasitakoan, konturatu nintzen komenigarria izango zela nik euskara ikastea berari laguntzeko, berak euskaraz ikasten baitzuen. Hasi nintzen euskara ikasten inolako titulurik lortzeko asmorik gabe; hori dela eta, asmo ezberdinak dituen talde bat sortu genuen. Hots, ikasteaz gain hainbat ekintza egiten ditugu, hala nola: mendirako irteerak, txango kulturalak, bazkariak... Beraz, hauxe da gehien gustatzen zaidana, gauza desberdinak egiteko aukera izatea.

Nire ustez, egunero klasera joan behar izatea izan daiteke ahalegina, batez ere bizi garen garaiotan, jendea gauza askotan aritzen baita aldi berean. Baina, gogoz egiten baduzu, ez dut uste ahalegin handirik suposatzen duenik. Halaber, hizkuntza bera ezagutzeaz gain, euskarak geure bizitzan zer suposatzen duen ere ulertu dut. Horrekin batera, egin daitezkeen lagun berriak, harreman sozialak... dira euskaltegira joateak eman didana".

Zuriñe Madinabeitia. Gasteiz (Araba): "Odolean eramaten dudalako hasi nintzen euskara ikasten. Aita euskaldun-zaharra da, eta berak irakatsi zidan bideari amaiera eman behar diot. Hori egiten badut, nire umeari irakatsi ahal izango diot, eta biok euskaraz bizi ahal izango gara. Era berean, hizkuntza eskakizunak lortuz gero, ate gehiago ireki ahal zaizkit lana aurkitzeko".

Mari Cruz Ayensa. Beruete (Nafarroa): "Nire bilobak eskolan ikasten hasi ziren. Horregatik, berriro euskara ikastera animatu nintzen, beraiekin hitz egiteko.
Giroa, harremanak, eta metodoa oso onak dira, ni oso gustura joaten naiz.
Ahaleginak merezi duela uste dut; halere, niri ez dit ahalegin handia suposatzen, gustura joaten naizelako.
Satisfazio handia ematen dit euskara ikasteak; mundu berri bat deskrubitzen ari naiz, nire kultura, ezagutzen ez nuena. Nire burua nahiko gogorra dago, baina lortuko dut". 

Elentxu Andres. Basauri (Bizkaia): "Bizitza osoa neraman euskara ikasten. Eskola garaian, irakasgai moduan; gero, 16 urterekin, Bolintxu euskaltegian apuntatu nintzen. Hortik aurrera, utzi egin nuen, berriro hasi, utzi, hasi… beti zegoen gauza interesgarriagoren bat egiteko.

Hala ere, orain dela gutxi arte, euskara ikastea militantzia izan da, Euskal Herrian jaio naizelako, Kortabarria abizena dudalako, Malmasineko aldapetan bizi naizelako... Baina, gaur egun, Basaurin zure eguneroko harremanetan ez duzu behar, etxean, lanean edo lagunen artean ez da beharrezkoa, eta zeuk sortu behar duzu beharra.
Azken denboraldian zeinu hizkuntza (ZH) ikasten eman dut denbora, eta konturatu naiz ZH eta euskara oso antzekoak direla, familiakoak; ZH ahizpa zaharra eta euskera, gaztea.

Antropologoek esaten dute gure lehen komunikazioa keinu bidez izan zela. Denborak aurrera egin ahala, piano fonemeei kontzeptuak eman genizkien; horrela sortu zen hiztegia. Euskararen fonemek mami handia daukate, ur, jo, mu, besteak beste. Gramatika arloan, ZHk eta euskarak egitura berdina daukate. Zeinu batzuk eta euskararen hitz batzuk oso antzekoak dira, eta batzuetan berdin esaten da.

Orain euskara ikastea joko bat bihurtu da, euskara eta ZHren harremanak bilatzen ari naiz eta, nahi gabe ere, nire bizitzan gero eta gehiago ari naiz euskaraz. Horrek poztu egiten nau, jolastuz ikasten dut, eta Euskal Herrian euskaraz bete, eiheiheiheih!".

Mamen Elia Lopez. Iruñea (Nafarroa): "Unibertsitatea bukatu ondoren, euskara ikasten hasi nintzen, baina, momentu hartan, lanagatik utzi behar izan nuen. Orain dela hiru urte, denbora atera nuen, eta Alde Zaharreko IKAko Arturo Campion euskaltegira etorri nintzen berriro. Beti pentsatzen dut, gure hizkuntza mantentzeko eta babesteko, kaleetan euskara entzun eta hitz egin behar dugula.

Gure euskaltegian giro oso ona dugunez, klasera etortzea oso erraza izaten da, eta ez naiz konturatzen ikasten ari naizela. Horrez gain, egunero euskaraz bizitzen ari gara. Nire ustez, asko merezi du euskara ikasteak; konturatu gabe, euskara sartu da nire bizimoduaren ohituretan: telebista ikustean, irratia entzutean, egunkaria irakurtzean, edo Berriozarko nire koadrilarekin hitz egitean. Gainera, aurten nire lehen bertso saioa gozatu ahal izan dut; bazen garaia, irrikitan nengoen eta".

David Joan Avila Rodriguez. Bermeo (Bizkaia): "Orain dela bost urte hasi nintzen euskara ikasten, eta nire ustez ez dago formula magikorik euskara ikasteko. Motibazioa da oinarria, euskaltegia entrenamendua, eta euskaraz bizitzea gure helburua. Motibaziorik ez dut falta, AEK-koak entrenatzaile onak dira, eta horregatik lortuko dugu euskaraz bizitzea. Eman eta zabal ezazu, euskara munduan!".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.