Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren jarrera "espainiar ultranazionalismoaren eredu" dela adierazi du EH Bilduko bozeramaile Irune Sotok, eta salatu du "mehatxua" darabilela udal guztien ekintzak susmopean jartzeko. Urkijoren jarrera "inposatzailea" eta "erasokorra" da haren ustez.
EAJk hainbat zuzenketa gehitu dizkio EH Bilduk aurkeztutako testuari. Horietako batean jaso dute Batzar Nagusiek onartzen dutela martxoan Eusko Legebiltzarrak babestutako legez besteko proposamena —kontratu publikoen hizkuntza baldintzak babestu zituen—. Lorea Bilbao EAJren ordezkariak Urkijori eskatu dio bete dezala euskararen inguruko legedia eta bertan behera utz dezala euskararen aurkako "jazarpen zentzugabea"; are, "gizarte elebiduna edo eleaniztuna" bultzatzeko eskatu dio, eta ez dezala euskara erabili "tresna alderdikoi" gisa.
PPk eta PSEk aurkako botoa eman dute. Arturo Aldekoa PPko kidearen ustez, onartutako legez besteko proposamenari "fundamentalismo agerikoa" dario, eta haren ustez, "oso larria" da proposamenak "helegite judiziala jartzeko eskubidea saihestea" helburu izatea.
Juan Otermin PSEko kideak, berriz, adierazi du inork uste badu Urkijok "gehigikeriak" egin dituela epaitegietara joatea litzatekeela egokiena.