Euskara, lur emankorra

Tuteratik abiatu da Korrika 16, eta Euskal Herritik ibiliko da hamar egunez euskarara etorri nahi dutenei ongietorria eginez

Garikoitz Goikoetxea. Berriemaile berezia. Tutera
2009ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Erriberako landen zabalean hasi da Korrika 16. Tuteran (Nafarroa) ekin zioten atzo arratsaldean euskararen aldeko lasterketari ehunka euskaltzalek. Handik aurrera, Nafarroa hegoaldeko herrietan euskararen aldeko oihartzunak zabaltzen hasi ziren. Gasteizera bidean da, beraz, Korrikaren aurtengo lekukoa, euskararen aldeko eta hartara hurbiltzen direnei ongietorria egiteko mezua barruan daramana.

Bazkalondorako jendea biltzen hasia zen Tuterako Herrerias plazara. Goizean goiz jaian hasiak ziren Argia ikastolako haurrak, atzokoa egun handia zuten eta. Lehenengoz hartzen zuen Korrikak abiapuntu gisa Erribera, eta harrera beroa egin zioten. Erriberan egonik, jota batzuekin alaitu zuten bi neskak bazkalondoa.

Arratsaldeko bostetarako jendetza zen bildua plazan. Tartean ziren Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendiguren eta ELAko kideak, Adolfo Muñoz idazkari orokorra buru. Korrikaren hasierako ekitaldiari ekiteko unea zen. Lehenengo urduritasunak, lehenengo barre algarak eta lehenengo hunkitzeak. Erriberako AEK-ko kideek gidatu zuten hasierako ekitaldia. Gustura ziren. Urte osoan lan egin behar izaten dute hainbat oztoporekin, nekez. Atzokoan, ordea, poza zen nagusi. «Nekea indar bihurtzen da jendearen berotasuna ikusterakoan», zioen AEK-ko kide batek.

Hamabi ikaslerekin dabil aurten lanean Tuterako AEK-ko euskaltegia. Hasiera zaila izan zuten, eta orain ere ez dute bidea arrosaz beterik. Mende laurden beteko du Tuterako euskaltegiak datorren ikasturtean. 1984-85 kurtsoan ekin zioten bideari, ahal zuten lekuan. Zailtasunak zailtasun, euskara ikasteko gogotsu dira ikasleak. Atzokoan berezia zen irrika hori. «Euskararen aldeko lasterketa erraldoia» herrian bertan zuten hastekoa, eta herritarren eta hara bertaratutakoen babes handia lortu zuten. Ehunka lagun bildu ziren plazan, eta baita Korrikaren lehenengo metroetan ere. Berotasuna nabari zen herritarren txaloetan eta oihuetan.

Erribera eta euskara protagonista izanik, Benito Lertxundiren Erribera kantak ezin zuen hutsik egin. Harekin batera etorri ziren lehenengo malkoak eta lehenengo txalo zaparrada handiak.

Minutu batzuk bakarrik falta ziren lasterketari ekiteko. Azken mezua Aitziber Sarasolak, Nafarroako AEKren arduradunak, egin zuen. Korrikan euskara berreskuratzeko asmoa adierazten dela adierazi zuen Sarasolak. «Baina nahi izatea ez da nahikoa, bistan denez». Hartatik, euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zuen Nafarroa hegoalderako. Orobat, gogoan izan zituen aurtengo omenduak, kanpotik etorri eta euskara ikasi dutenak eta bertokoak izanik euskara galdu eta berrikasi dutenak.

Lehen kilometroak, dantzan

Azken mezua zabalduta, lekukoa hartu eta lasterketari ekitea baizik ez zen falta. Oholtza gainera igo zen Edurne Brouard, Korrika 16ren arduraduna, eta azken egunean Gasteizen irakurriko duten mezua lekukoaren barruan sarturik, Alizia Iribarreni eman zion. Tuterako AEKren arduraduna da Iribarren. Euskara galdu eta berrikasi zuen.

Iribarrenen atzetik abiatu ziren ehunka euskaltzale. Herrerias plazatik irtenda, Tuterako karriketan barrena murgildu zen Korrika. Behin herrian hasiko, eta tuterarrek ez zuten edonola agurtu nahi. Korrikako lekukoa aurrean zutela, plazan larrain-dantza egin zuten lasterketako korrikalari guztiek. Bitartean, herriko dultzaina jotzaileak Korrika 10eko abestia jotzen aritu ziren, Gozategirena.

Plazatik irtenda, Korrikari ekin zioten korrika. Lehen kilometroa igarota, Argia ikastolako neskato bati pasa zion lekukoa Alizia Iribarrenek. Berrehun ikasle inguru dituzte egun Tuterako ikastolan. Gogotsu ziren atzo. Tuterako zati gehienean, haiek eraman zuten Korrikaren pankarta. Korrikaren alde aurpegia eta besoak pintatuta zituenik ere bazen. Ume txikiek ere hartu zuten lekukoa lehen metroetan; lotsatu antzera batzuek, eta negarrez ere bai baten batek.

Tutera atzean utzi ahala, lasterketariak ere atzean geratzen joan ziren. Ez, ordea, euskararen aldeko aldarria. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek beren pankarta eraman zuten. Tuterako campusean euskara ere bai. Ongi etorri, NUP zioten. Gaur egun, Tuterako campusean ez dute euskara ikasterik. Aurrerago, Reina Sofia ospitaleko langileek hartu zuten lekukoa, haiek ere euskara aldarrikatzeko.

Adin guztietako jendea zegoen korrikalarien artean. Besoetan zihoan haurra, indartsu zetorren gaztetxoa, burusoiltzen hasitako gizona, zakurra ondoan zuela zihoan emakumea, hauspoari buelta eman ezin zion aitona, bilobari atzetik korrika jarraitu ezinik zihoan amona... Guztiek ere asmo bakarra zuten buruan: euskarak haien inguruan dituen zailtasunei aurre egin eta euskararen aldeko aldarria egitea.

Helburu berak batuko ditu datozen egunetan ere milaka euskaltzale. Erribera bezala, Euskal Herria ere lur emankorra baita euskararentzat.



Segik babesa agertu dio Korrikari

Segik ongietorria egin dio Korrika 16ri, eta «Euskal Herri euskaldunaren aldeko suge erraldoitik tiraka» ariko direla berretsi dute. Hori bai, Korrikarik beharko ez den eguna iristea espero dute. «Horrek esan nahiko luke Euskal Herrian euskarak estatus normalizatua izango lukeela», gogoratu dute.



Gasteizen egingo den amaiera festa aurkeztu dute

Apirilaren 5ean amaituko da, Gasteizen, aurtengo Korrika. 12:30ean izango da bukaera festa, Andra Mari Zuriaren plazan. Horri lotutako bestelako ekitaldiak izango dira Arabako hiriburuan: kontzertuak, haurrentzako tailerrak, dantza emanaldiak, eskulangintza azoka, txahal dastatzea...



Frantziako bi kazetari Korrika jarraitzera etorri dira

Frantziako kazetari bat eta argazkilari bat etorri dira Korrika 16 jarraitzera. Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, 2003an, etorri ziren lehenengoz Euskal Herrira, eta «harrituta» itzuli ziren euskararen inguruko giroarekin. Korrika jarraitzeaz gain, egonaldia elkarrizketak-eta egiteko erabiliko dute.



Alizia Iribarren. Lekukoa eramaten lehena
Alizia Iribarrenek ondo ezagutzen du egun euskarak Erriberan duen egoera. Egungo egoera «iluna» dela dioen arren, etorkizunari begira itxaropentsu ageri da.

«Niretzat ohore handia da Korrika hasiera antolatzen aritzea»

G. Goikoetxea

Inguru euskaldun batean eta euskaraz eman zituen lehen urteak Alizia Iribarrenek (Elizondo, Nafarroa, 1976). Bederatzi urterekin, ordea, Erriberara (Nafarroa) joan zen familiarekin, eta euskara «ia erabat» galdu zuen. Hala ere, lortu du berreskuratzea, eta beste batzuei transmititzen dihardu, euskaltegian irakasle baitabil. Lehena izan da lekukoa eramaten.

Txikitan euskara ikasi zenuen?

Elizondon ikastolara joaten nintzen. Baina, 9 urte nituela, Iruñera joan ginen, eta gero, Tuterara. Hara joan nintzenean, ikastolan ez zegoen nire mailarako ezer.

Euskararekiko harremana erabat galdu zenuen?

Ia erabat. Inguruko jendeak, lagun berriek-eta, gaztelaniaz egiten zuten, ez ziren euskaldunak. Nire inguruko jendea erdalduna zen, familia kenduta.

Euskaraz ia ez aritzetik, euskara irakasle izatera igaro zara...

Nire ama euskaltegiko irakaslea zen, eta batzuetan klaseetara eramaten gintuen anaia eta biok, euskara ez galtzeko. Baina oso gutxitan egoten ginen. Gu txikiak ginen, 10 edo 11 urte genituen, eta jende helduarekin ez ginen oso gustura egoten. Azkenean, ez ginen askotan joaten euskaltegira. Ia erabat galdu genuen. 16 urterekin edo, euskara berreskuratu nahian hasi nintzen. Urtebetez euskaltegira joan nintzen, eta gero neure kabuz jarraitu nuen. Gero, 18 urte nituenean, irakasle sartu nintzen.

Nola ikusten duzu Nafarroan euskararen egoera?

Ikastoletan ume gehiago dago, baina gero kalean ez da hori islatzen. Euskaldun askok ez dute euskara erabiltzen. Uste dut egoera larria dela alde horretatik. Euskaldun kopurua igo bada ere, kalean entzuten dena mantendu da azken urte hauetan.

Hortaz, zuri gertatutakoa gaurko umeei gertatzeko arriskua ikusten duzu?

Hemengo ikastolako umeekin horrela ikusten dut: ikastolan euskaraz egiten dute, baina etxera joaten direnean, gurasoak erdaldunak direnez, ezin dute euskaraz egin. Kalera aterata, bai lagunak erdaldunak dituztelako eta baita ere lotsa ematen dielako euskaraz aritzeak, ez dute erabiltzen. Nahiko arriskuan ikusten dut alde horretatik. Baina uste dut heldu batzuen kontzientzia gero eta piztuagoa dagoela.

Euskara berrikasi eta transmititzen ari zaretenak omenduko zaituzte Korrikak. Gustura eskertzarekin?

Bai. Niretzat ohore handia da Korrika hasiera antolatzen aritzea. Uste dut euskaldun berriek eta euskara berreskuratu dutenek harrotasun puntu batekin hartzen dugula omenaldia. Jende anonimoa ere omendu behar da. Horiei esker euskarak aurrera egiten duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.