Philippe Carriere Paueko (Frantzia) akademia ikuskari berriak euskararen aldeko urrats garrantzitsua aurkeztu zuen atzo, Max Brisson EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidentearekin batera. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako Ikasle elebidunek euskara maila frogatu beharko dute. Hezkuntza publikoa, pribatua eta murgiltze eredua kontuan harturik, Ipar Euskal Herriko lehen mailako bi eskolatik batean euskara irakasten dela azpimarratu zuen Brissonek xedea aurkezterakoan. Urrats kuantitatiboa egin ondoren urrats kualitatiboari ekiteko tenorea dela azaldu zuen.
Hizkuntza bizien Europako Kontseiluaren Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuan oinarriturik, ikasleek maila bakoitzean lortu beharreko ezagutza eta gaitasunak finkatuko dituzte lehen aldiz. Ofiziala ez izatean, euskarak ez du ukanen frantsesak duen eskakizun maila bera, baina lortu beharreko helburuak finkatzen dira. Sistema konplikatua dela eta plantan ezartzeko denbora beharko dela erran zuen atzo Jean Claude Iriart EEPko zuzendariak. Bertze urrats garrantzitsu bat egitea ere onartu du Carrierek: «Frantziako Konstituzioak aitortzen duen oren kopurua baino gehiago egin ahal izango dute ama-eskola batzuetan, betiere esperientzia gisa eta guraso eta ikastetxearen adostasunarekin».
Bigarren mailan ere urrats garrantzitsua egiteko xedea daukatela azaldu zuten. Izan ere, legeak parekotasuna aitortu arren, errealitateak ikastetxe publikoetan euskaraz ematen diren oren kopurua ez da laurdenera heltzen. Helburua parekotasuna lortzea dela aitortu dute. Euskara eta historia-geografia dira euskaraz ematen diren ikasgaiak. Matematikak ere euskaraz emateko xedea dutela azaldu zuen Iriartek.
Ororen buru, ikasleen euskara maila neurtzea da xedea. Azterketak egokitu eta bigarren maila bukatzean EGA agiriaren parekidea sortu nahi dute. Euskaltzaindiarekin elkarlanean egin nahi dute urrats hori. Alta, agiria ofiziala izanen bada ere, agiri horri eskainiko zaion balioari buruzko xehetasunik ez dute aurkeztu.
Frantziako Administrazioak erdi itxirik zeukan bertze ataka bat ere ireki da, irakasleen prestakuntzarena alegia. Bai EEPko ordezkariek, bai Paueko akademia ikuskariak, aurkeztu duten plana orain eta bere horretan gauzatzea ezinezkoa dela aitortu dute. Irakasleen prestakuntza bermatzeko asmoz plangintza bat jarriko dute abian.
Zazpi ataletan garatuko duten programa aurkeztu zuen atzo. Honako hauek dira ardatzak;
Irakaskuntzaren egituraketa
Hiru ereduetako lehen eta bigarren mailetan, ikasleek lortu beharko dituzten mailak zehaztuko ditu Frantziako Hezkuntzak, Europan onartu dituzten ereduen arabera. Ikasleen ezagutza frogatzeko ebaluazio sistema osatu eta ikasleentzako agiriak sortzeko asmoarekin, ziurtapen prozedurak abian jarriko dira, Euskaltzaindiarekin elkarlanean.
Irakasleen prestakuntza
Hiru sareetako lehen mailako irakasleen oinarrizko prestakuntza eta prestakuntza jarraituko egiturak egokituko dira, euskararen beharrak kontuan hobeto hartzeko.
Norabide dokumentua
Lehen mailako ikastetxe elebidunetako irakaskuntzen antolaketarako norabide dokumentua osatuko da. Bertan ezagutza maila eta gaitasun heinak kontuan hartuko dira, kontuan hartuz euskararen berezitasuna.
Lanpostuen esleipena
Eskola publikoko lehen mailako irakasle postuak esleitzeko ratioa finkatu dute: gela bat irekitzeko, beharrezkoak izanen dira 25 ikasle frantsez elebakarreko geletan, eta 22 elebidunetan.
Oren gehiago euskaraz
Lehen maila publikoetan, esperientzia gisa, euskara oren gehiago emateko hautua irekitzen da, gurasoek eta ikastetxeko arduradunek adosturik. Frantziak baimena eman du horretarako.
Hitzarmena murgiltze ereduan
Seaska eta Frantziako Hezkuntza arduradunak akordio bat lortzeko urratsak egiten hasi dira. Helburua hitzarmena lortzea da, batetik irakasle postuen esleipena finkatzeko lehen mailan, bertzetik orenen araberako baliabideak bigarren mailan, ikastetxe berriak irekitzeko prozedurak eta azkenik hizkuntza gaitasuna ebaluatzeko tresna partekatuak sortzea.
Oren kopurua bermatu
Irakaskuntza elebiduneko bigarren mailei begira, euskaraz ematen diren orenak emendatuko dira. Legez erdiak izan behar badute ere, praktikan %20 inguru ematen dira euskaraz.
Euskara maila frogatu beharko dute Iparraldeko ikasle elebidunek
Frantziako Hezkuntzak eta EEPk euskarazko ereduetan kalitatea garatzeko plangintza aurkeztu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu