Euskara plana betetzea exijitu dio LAB sindikatuak Osakidetzari

LABek salatu du Osakidetzak ez duela Euskararen Erabilera Normalizatzeko 3. Planean ezarritakoa bete, eta adierazi du «gardentasunik gabe» jokatzen duela, «konpromiso falta ezkutatzeko».

Osakidetzan euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko LABen kontzentrazioa, gaur, Gasteizen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Osakidetzan euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko LABen kontzentrazioa, gaur, Gasteizen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2024ko apirilaren 23a
16:05
Entzun

Osasun zerbitzu publikoaren euskalduntzea «oso mugatua» dela salatu du LAB sindikatuak, eta Osakidetzako zuzendaritzari leporatu dio horren erantzule izatea. Jesus Oñate LABeko ordezkariak azaldu du Osakidetzak ez dituela Euskararen Erabilera Normalizatzeko 3. Planean ezarritako epeak errespetatu, eta zuzendaritzak ez duela zerbitzua euskalduntzeko «inolako konpromisorik» hartu. Egoerari aurre egiteko, kontzentrazioa egin dute gaur goizean Osakidetzako zerbitzu zentralen aurrean, Gasteizen, aldarrikatzeko langileek euskaraz lan egiteko eskubidea dutela, eta herritarrek, zerbitzua euskaraz jasotzekoa.

«Planaren arabera, apirilaren 1etik aurrera zehaztuta egon behar dute arduradun guztien hizkuntza eskakizunek; baina hori ez da bete», adierazi du Oñatek. Eta ez da bete ez duten epe bakarra, LABen arabera: «Gainerako epe guztiak agortu dira, eta, horiek betetzeko konpromisoa hartua bazegoen ere, ez dituzte aurrera eraman».

Planean ezarritako hizkuntza politikak betetzen ez diren bakoitzean, Osakidetzari informazioa eskatzen dio LABek, baina, Oñatek adierazi duenez, «gardentasun faltarekin» egiten dute topo beti. «Osakidetzako zuzendaritzak, informazioa ez helarazteaz gain, 2023ko ekainaren 19az geroztik bildu ez den Euskara Batzorde Korporatibora bideratzen gaitu».

Aginte egitura «lotsagarria»

LABek uste du «lotsagarria» dela epeak ez betetzea, baita euskara planean islatzen den aginte egitura ere. Izan ere, salatu dute zuzendari eta zuzendariordeei ez zaizkiela gainerako langileei exijitzen zaizkien hizkuntza gaitasunak eskatzen. Eta horrek eragin zuzena du Osakidetzaren barne komunikazioan, Oñateren ustez: «Guretzat oso garrantzitsua da arduradunak euskaldunak izatea, gainerako langileok euskaraz lan egiteko dugun eskubidea bermatuko lukeelako».

Bien bitartean, langileak zerbitzua euskalduntzeko «esfortzu handia» egiten ari dela azaldu du Oñatek, baina uste du ezin dela alde bakarreko lana izan: «Herritarren hizkuntza eskubideekin konprometitutako langileen zati handi batek euskara ikasteko ahalegina egiten duen bitartean, Osakidetzako zuzendaritzak ez du ardurarik bere gain hartzen». Oraingoz, LABeko ordezkariak azaldu du euskaraz lan egiteko eskubidea ukatu zaiela, eta horrek herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan eragina duela: «Biztanleriak argi ikusten du gure zentroetara hurbiltzen denean ezin dugula euskarazko arreta bermatu. Esfortzu are handiagoa egin behar da, baina, horretarako, zuzendaritza euskaldunak exijitzen ditugu, baita hizkuntza trebakuntzari aurre egiteko diru laguntza handiagoak ere». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.