Agurain eta Zuiako kuadrilletako presidenteek euskara teknikarien deialdia argitara dezala galdegin diote Arabako Foru Aldundiari. Zerbitzu hori finantzatzeko tresna duela gogorarazi dute bi presidenteek: aurrekontua. Hain zuzen ere, 2012ko aurrekontua luzatu du Arabako Aldundiak, eta aurrekontu horretan euskara teknikarien diru saila agertzen zen. Hortaz, diru sail hori erabiltzen ez badu, aldundiaren "borondate politikorik ezaren" ondorioa dela arrazoitu du Zuiako kuadrillako presidentea Lierni Altunak.
Agurain eta Zuiako kuadrilletako presidenteek euskara teknikariek egiten duten lana "ezinbestekotzat" jo dute, eta, Arabako Foru Aldundiak zerbitzu hori mantentzeko diru saila onartu bitartean, bi kuadrilla horiek teknikariak mantentzeko aurrekontua aurreratuko dutela jakinarazi dute. Ordea, beste kuadrilla batzuek, aurrekontua bukatuta, teknikariak bota dituztela aipatu dute.
Azkenik, euskara teknikarien lanari jarraipena eman behar zaiola nabarmendu dute bi presidenteek. "Inori ez zaio bururatzen urte hasieran eztabaidatzea kultura zerbitzua finantzatuko den edo ez", salatu du Gustavo Fernandez Villate Aguraingo kuadrillako presidenteak