Euskara

'Euskarabidea' ekimenaren webgunea jarri dute martxan

Joan den ekainaren 27 euskalgintzako 400 eragilek 'Euskarabidea' izeneko adierazpena plazaratu zuten. Ekimen horren jarraipen gisa abian jarri dute 'Euskarabidea'-ren webgunea. Honen bidez "euskararen normalizazioaren alde zeregin desberdinetan dedikazio handiagoz edo txikiagoz, lanbidez edo arduraz, militantziaz zein borondatez, aritzen diren euskalgintzako pertsonen atxikimenduak lortu nahi ditu 'Euskarabidea' adierazpenak".

2006ko uztailaren 19a
12:29
Entzun
Sinatzaileek, bizitzen ari garen une politikoan Euskal Herriko gizarte osoak zer esan eta zer egin ere baduelakoan kaleratu zuten adierazpena. Euskalgintzak ere, herri honetako gizarte-sektore garrantzitsuenetako bat izanik, iritzia eman behar duela eta dagozkion konpromisoak hartu behar dituela azpimarratu zuten.

‘Euskarabidea’, euskalgintzari atxikirik dagoen jende multzo anitz, handi eta esanguratsuaren adierazpena delako martxan jarri berri den webgunean sinatzeko deia egin dute ekimenaren bultzatzaileek. Euskalgintzako kide guztiak adierazpena ezagutu eta sinatzera animatu ditu 'Euskarabidea'-k.

Hona hemen sinatzea proposatzen den adierazpena:

Agiri hau sinatzen dugunok euskararen alde lan egiteak elkartu gaitu. Gure arteko aniztasun ideologikoa eta politikoa handia bada ere, euskararen normalizazioa lortu nahiak kezkatzen gaitu guztiok etagarbi ikusten dugu Euskal Herrian sortu den une politikoa oso garrantzitsua izango dela euskarak dagokion lekua jendarteaneskura dezan.

Orain arte urte luzetan euskararen alde lan egin dugun bezala, abian den prozesuaren aurrean itxaropentsu agertu nahi dugu eta prozesu honek aurrera egin ahala hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioa bultzatzeko neurriak ere adosteko aukera politikoak ikusirik, urratuko den bidean zehar geure baliabideen arabera ahaleginak egiteko prest gaudela aitortzen dugu.

Beraz, oraingo egoera honen aurrean jendarte osoaren konpromisoa beharrezkoa delarik, guk ere geure konpromisoa luzatueta iritzia eman nahi dugu.

1.- Elkarrizketan eta giza eskubideetan oinarritutako prozesuaren aldeko ahaleginetan pausoak emateko dugun konpromiso trinkoa adierazi nahi dugu. Bilakabide honetan norbanakook eta gizarte eragileok dagokigun protagonismoa izan behar dugula uste dugu eta prest gaude gure esku dagoen guztia eskaintzeko.

2.- Gatazka gainditzeko konponbidea herri honen eskubide indibidual eta kolektiboetan oinarritu behar da. Horien artean dauden hizkuntza-eskubideak zutarrietako bat dira norbanakoaren eta hizkuntza komunitatearen bizimodu duina lortzeko ezinbestekoak baitira, eta prozesuan euskal herritarrok hartutako erabakiak onartu behar diren neurrian, euskararen normalizazioa Euskal Herri osoan kanpotiko esku-hartzerik gabe aurrera eramateko eskubidea ere onartu behar delako.

3.- Mendeetan zehar euskaldunok bizi izan dugun hizkuntza-gutxitzeari bukaera eman behar zaio. Egun euskararen normalizazioa oztopatzen duten legeriak gainditzeko unea iritsi dela uste dugu. Horregatik, prozesu politikoak euskararen normalizazioa ahalbidetzea ezinbestekoa du, eta guk guztiok horren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.

4.- Ardura denona da, guk geurea ez dugu saihestu nahi eta, neurri berean, prozesuaren une bakoitzean konponbidearen parte diren eragile bakoitzak dagokion erantzukizun mailari muzin egin gabe joka dezala eskatzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.