Euskarak arnasa hartuko du Gazteluko plazan

Labako kideak «pozik eta itxaropentsu» daude, Nafarroako Gobernuak auzitegiaren erabakia betearazirik terrazarako lizentzia eman dietelako

Labak terraza beharko lukeen gunea. AITOR KARASATORRE / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«Guk ez dugu inoiz inoren kontra jo, euskararentzako espazio bat besterik ez dugu aldarrikatzen», esan du Lander Majuelok, Labako kideak, elkarte euskaltzalearen aurrealde osoa okupatzen duten mahaiei eta aulkiei begira. Iruñeko udal ordenantzaren eta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren arabera, Labari dagokio espazio horretan terraza jartzea, baina, oraingoz, negozio pribatu batek baliatzen du tokia: Windsor tabernak. Iruñeko Udalak, ordea, ez du ezer egin egoera konpontzeko. Aitzitik, mahaiak eta aulkiak kalera ateratzeko baimena ukatu dio behin eta berriro elkarte euskaltzaleari, baita auzitegiak propio agindu dionean ere. Orain, Nafarroako Gobernuak iragarri du Administrazio Auzitegiaren ebazpena betearaziko diola udalari eta, hortaz, terraza paratu ahalko du Labak, Iruñeko bihotzean.

«Oso pozik gaude, baikor, eta ilusioz beteta», gaineratu du Labako beste kide batek, Yasmine Khrisek. «Hasieratik, gure asmoa izan da euskarari erakusleiho bat zabaltzea, eta, Gazteluko plazan terraza jarrita, erakusleiho hori handitu ahal izanen dugu aurrerantzean». Orain arte, kanpoaldean terraza jartzeko lizentzia ukatuta, udalak «zokoratu» egin nahi izan dituela uste dute Labako ordezkariek. «Hiriaren erdian gaude, bai, baina arkupe baten azpian, eta mahaiak kanpora ateratzeko aukerarik gabe, jendeak ez gaitu ikusten». Ez da nolanahiko arazoa. Laba irabazi asmorik gabeko elkartea da, baina kafetegi zerbitzuak ematen dion sostengu ekonomikoa ezinbesteko zaio proiektuari, eta terraza batek zeharo baldintzatu dezake bideragarritasuna. Izaskun Barberrek azaldu du: «Bazkideen ekarpenekin batera, Labaren diru iturri nagusia kafetegia da, eta alde handia dago terraza izatearen edo ez izatearen artean». Hain zuzen, udalari kalte ordaina eskatzea aztertzen ari dira Labako kideak, terraza jartzea ukatu dieten denboran pilatutako kalte ekonomikoagatik.

Topagune izatea helburu

Hala ere, Labako kideek berretsi dute, eurentzat, terraza jartzea ez dela inoiz izan «helburu» bat, beren proiektua gauzatu ahal izateko bide bat baizik: «Gure helburua da sortzaileen topagune izatea, euskarari leiho bat zabaltzea, euskaraz libre hitz egiteko espazio bat sortzea... eta polemika honek erakutsi digu noraino zen beharrezkoa Laba bezalako egitasmo bat, jende pila bat gugana etorri delako zoriontzera, animoak ematera eta bazkide egitera», esan du Majuelok. Orain arte, gainera, dozenaka ikastaro, emanaldi, hitzaldi eta tailer eskaini dituzte elkartean. «Terrazak balioko du gure komunitateak arnasa har dezan, baina oinarria proiektua bera da». Euskarak Iruñearen bihotzean toki bat izatea. Hori da Iruñeko Udalaren ezinikusia piztu duena, Labako arduradunen irudiko. «Argi geratu da udalari bost axola diola kafetegi batek terraza edukitzeak edo ez... Benetan min eman diena gure proiektua izan da. Euskarafobia hutsa da». Zehazki, Majuelok salatu du Enrique Maiaren udal gobernu taldeak ahaleginak eta bi egin dituela «euskara gatazkarekin lotzeko». «Tematu dira, baina ahalegin horretan porrot egin dute».

Labako kideek ez dakite noiz gauzatuko den erabakia, baina hasiak dira jada datozen hilabeteetako programazioa prestatzen jadanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.