Frantziako Gobernuaren iritziz, hizkuntza gutxituek ez dute lege apartekorik behar. Horrela jakinarazi du Luc Chatelek, Frantziako Hezkuntza, Gaztedia eta Elkarte-Bizirako ministroak, Armand Jung diputatuak egin galderari erantzunez. Jungek hizkuntza gutxituen aldeko lege proposamena eztabaidatzeko eskatu zion Frederic Mitterrandi, Frantziako Kultura ministroari. Haren ordez, ohitura bihurtzen ari den bezala, bertze ministro batek ihardetsi zuen. Erantzuna, hala ere, betikoa: hizkuntza gutxituek, eta ondorioz euskarak, ez dute lege babesik behar Frantzian.
«Gutxiengo bati eskubide bereziak onartzea debekatzen du Frantziako Konstituzioak; horren kontrakoak dira erabat gure oinarri diren Frantziaren zatikatu ezina, frantses herritarren batasuna eta legearekiko berdintasun irizpideak». Chatelek gogorarazi zuen Batzorde Konstituzionalak 1999ko ekainaren 15ean egindako ebazpena, zeinetan agertzen ziren Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna ez izenpetzeko argudioak. Ebazpen horren arabera, inola ere ezin zaio eskubide orokorrik aitortu dena delako talde bati, ez jatorri arrazoiengatik, ez kultura, hizkuntza edo sinesmen arrazoiengatik».
Frantziako Senatuak aurki aztertuko du bertze lege proposamen bat. Epaile batek Okzitaniako hiri bateko seinale elebidunak kentzeko agindu zuen, eta, ondorioz, hori arautzeko eskatu dute senatari batzuek. Gisa horretako unean uneko arazoak gainditzeko ez dagoela lege babesa orokortu beharrik dio Frantziako Gobernuak. Mitterrandek solaserako bi ardatz finkatu dituela gogorarazi du Chatelek: batetik, gaur egungo araudiak onartzen dituen urratsak aztertzea sakonki; eta, bertze alde batetik, Estatuaren eta tokiko erakundeen arteko ardura banaketa finkatzen duen irizpidea aztertzea.
Lege babesik behar ez den heinean, eskualdeetako hizkuntzen kultur eta arte adierazpenak era egokiagoan kontuan hartzea hobesten du ministroak. Hezkuntzari dagokionez, tokiko erakundeen ardurak garatu behar direla dio Chatelek.
Etsipena eta jukutria
Gobernuaren erantzunak atsekabea eragin duela jakinarazi du Armand Jungek, Parlamentuko hizkuntza gutxituen ikerketa batzordeko presidenteak. Jungek nabarmendu du alderdi guztietako diputatuek sostengatzen dutela lege proposamena. Alta, nabarmendu du Frantziaren erantzuna beti bera dela, kolore honetako edo hartako diputatu batek egin arren galdera: praktikan eskualdeetako hizkuntzei eskubideak onartzearen aurkakoa.
«Jukutria» ulertezin baten lekuko dela gaineratu du Jungek. «Nola uler dezakegu, bertzela, gobernuak onartzea Frantziako konstituzioan aldaketa egitea, 75.1 artikuluan adieraztea eskualdeetako hizkuntzak Frantziaren kultur ondarea direla, eta gero egiazko eskubiderik ez aitortzea?». Hori hala balitz Frantziako Konstituzioaren balioa adierazpen hutsa litzatekeela dio Jungek. Hori etsigarria litzatekeela dio, «demokraziaren ikuspuntutik larria» izateaz gain. Oraingoan Frantziako Gobernuaren sostengua jaso ez badute ere, hizkuntza gutxituen aldeko lege baten alde diharduten diputatuek ez dutela amore emanen dio Jungek. Bilkura eskatuko diote Frantziako Kultura ministroari.
Euskalgintzako gizarte eragileek ere kezka adierazi dute. «Berriz ere emandako hitza jan du Frantziako Gobernuak», adierazi du Hur Gorostiagak, Seaskako zuzendari eta Euskal Konfederazioko kideak. Frantziako Gobernuaren sostengurik ezak ez du ehorzten lege proposamena, baina biziki zailtzen dio ibilbidea. Marc Le Fur UMPko diputatuak ere bertze lege proposamen bat aurkeztu zuen. Biak bateratzea eskatu du Gorostiagak, elkarri trabarik egin ez eta lorgarriagoak izateko.
Euskarak ez duela legerik behar dio Frantziako Gobernuak
Hizkuntza gutxituen lege proposamena eztabaidatzeko eskatu duten diputatuek atsekabea adierazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu