«Ehun urtean lehen aldiz, euskara gehiago entzun da Tolosako kaleetan gaztelera baino», adierazi du Galtzaundi euskara elkarteak. Askorentzat ezinezkoa dena herritarren apustuari esker egin daitekeela erakusten du Gipuzkoako hiriak, talde euskaltzalearentzat.
Datua honako hau da: Tolosako kaleetan euskararen erabilera %49,1ekoa izan da 2019ko neurketan, eta gaztelerarena %48,5. Kaleko neurketak egiteko, talde bat ibiltzen da karrikaz karrika, gurutzatzen dituenak zein hizkuntza erabiltzen ari diren taula batean idazten. Soziolinguistikan asko erabiltzen da tresna, unean uneko egoera eta, batez ere, eboluzioa ikusteko. Normalean, hainbat neurketa saio egiten dira, hainbat lekutan eta ordutegitan, lagin ahalik eta fidagarriena lortzeko. 2019an egin zuten azkeneko neurketa Tolosan; 3.246 elkarrizketa jaso zituzten, zeinetan 8.647 pertsona aritu ziren. «Jasotako datuen bolumen handiak fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen du», idatzi du taldeak bere webgunean (galtzaundi.eus).
Ondorioztatu dutenez, azken 34 urte urtetan erabilerak 20 puntu egin du gora. Izan ere, 1985. urtean %29ko erabilera neurtu zuten. 2019ko emaitza 1985etik erregistratutako altuena da. «Lehen aldiz, gaztelaniaren aurretik kokatu da euskara emaitzetan».
Talde euskaltzaleak nabarmendu duenez, «paradigma aldaketa» gertatu da belaunaldietan. Neurketak egiten hasi zirenean, helduenek erabiltzen zuten gehien euskara. Azken urteotan, berriz, gazteenek. Izan ere, 2019ko neurketan, 2 eta 14 urte arteko haurren %70ek erabili zuten euskara kalean, eta 15-24 urte arteko gazteen %63k. Adinean gora egin ahala, jaitsiz doa kopurua, eta 65 urtetik gorakoen %29 atzeman dituzte euskaraz kalean.
Halere, ohartarazpena ere badakarte datuok: lehen neurketetan asko handitu zen haurren erabilera datua urtez urte, baina hori apaldu egin da azken urteotan, Galtzaundiren arabera. Horrekin kontrastea egiten du adinekoen datuak: erabileraren beherakada gelditu egin da 1990ko hamarkadatik aurrenekoz. Baliteke horrek lotura izatea haurren eraginarekin. Izan ere, taldearen arabera, «erabilera daturik altuenak haurrak eta helduak batera daudenean eta haurrek elkarrizketan parte hartzen dutenean erregistratzen dira (%80). Baxuenak, berriz, nagusiak haurrak parean ez dituztenean jasotzen dira (%36). Azpimarratzekoa da, nagusien kasuan, haurren presentzia soilak %57ra igotzen duela erabilera».
Tolosako kasuak Euskal Herriko beste bazterrekin parekatzeko, kontuan hartu behar da hango ikastetxe guztietan D eredua darabiltela. Galtzaundiren arabera, herritarrek eginiko apustua dago emaitzen atzean. Euskaltegien lana nabarmendu dute, eta baita Udalaren eta haren Euskara Zerbitzuaren ekimena ere. Horrez gain, 1990eko hamarkadaz geroztik sorturiko euskarazko komunikabideen eginkizuna goraipatu dute, «gure inguruaz zein munduaz euskaraz informatzeko ateak ireki dizkigute euskaldunei».
Neurketen aurretik
Neurketa egiten 1985. urtean hasi ziren, eta, halere, mendea aipatu du Galtzaundik. 1910eko hamarkadako egoera gaurkoa baino okerragoa zela ondorioztatzeko «ebidentziak» badaudela adierazi du taldeak. Ahotsak egitasmoa da horren iturrietako bat, azaldu dutenez. Adinekoen lekukotasunak, audioz, bideoz eta idatziz jasotzen dituzte horretan. Lekuko guztiek esan diete 1936ko gerra aurretik zein ondoren, euskara gutxi entzuten zela Tolosako kaleetan.
«Orain bai, esan daiteke datu historiko baten aurrean gaudela», adierazi du Kike Amonarriz soziolinguistak 28 Kanala telebistan. Gazte eta adinekoen erabileraren datua nabarmendu du: «Adinaren piramidea irauli egin zaigu». Adituak ohartarazi duenez, baliteke datorren urtean euskararen erabilera apaltzea neurketan, baina urtez urteko datuek erakusten dutela «norabide onean» ari dela lan egiten.
Datuok Euskal Herriko beste lekuetarako «eredugarri eta erreferentzia» direla adierazi du Xabier Balerdi Tolosako Euskara zinegotziak. Ia 20.000 biztanle zituen Tolosak iazko erroldan, eta tamaina horretako herri batek halako emaitzak lortzea «etorkizunerako indarra ematen du, ildo horretan lan egiten jarraitzeko».