Ez da ohikoa hautetsi batek eta gizarte eragile batek elkarlanaren ardura partekatzea. Alta, Max Brisson kontseilari nagusi eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidente ohiak eta Paxkal Indo Seaskako presidenteak ardura hori hartu dute azken urtebetean, Garapen Kontseiluaren gobernantzari buruzko gogoetaren barruan. Hizkuntzaren arloa landu dute, adituen ekarpenetan oinarrituz. Konstituzioaren aldaketa, euskararen koofizialtasuna, Frantziaren eskumenen ezeztatzea eta euskarazko eskaintza orokortzea dira eztabaidagai.
Oro har, zein dira Garapen Kontseiluak bultzatu duen gogoetaren arrazoiak, eta zein dira epeak?
MAX BRISSON. Hautetsien Kontseilua eta Garapen Kontseilua elkarrekin ari dira lanean Ipar Euskal Herrian, aztertzeko nola gauza daitekeen politika publiko bakoitza era egokian. Eskumenez eskumen garatzen da. Bi adituk gobernantza mota ezberdinak aztertu dituzte, bai Pays-Pays Basque egitura oinarri gisa harturik, bai estatutu berezia ukanen lukeen lurralde elkargo baten aukera. Azken horren aldeko adostasuna sortzen ari da.
PAXKAL INDO. Gobernantza atalez atal aztertu behar zen. Brissonek eta biok hizkuntza arloaren ardura hartu dugu duela urtebete.
Hizkuntzaren etorkizuna lurralde elkargoari loturik ageri da lehen aldiz. Hautetsiek ere bere egiten dute gizarte eragileen gogoeta hori?
P. I. Gizartea aldatzen da. Eta legeak gizarte antolakuntzaren berme gisa datoz. Hautetsi batzuek argi dute tresna egoki bat behar dela urruti joateko. Gero jinen dira bertze hautetsiak.
M. B. Martxoaren 8an, bi kontseiluak elkartzen dituen Biltzar Nagusian, adostasuna nagusitu zen. Euskarari dagokionez, aitzinamendu nabaria dago, bai gobernantzan, bai eskumen politikoetan. Hautetsiek bilduma bera zuten, eta ez dute gaitzespenik adierazi. Estatus berezia ukanen duen lurralde elkargoari buruzko gogoetarekin segitu behar dela adostu zen. Eskumenak ikertzeko adostasuna zuten. Lurralde elkargoa definitzerakoan, adostasuna beharko da. Ipar Euskal Herriko gizarteari eta hautetsiei pausatuko zaien galdera nagusia da. 2005ean, plantan ezarri genuen EEP; aitzinamendua izan zen. Alta, borondatezko atxikimendua mugarrira heldu da. EEP animatzaile bat baino ez da. Trabak gainditzeko eta eraginkorrak izateko, urrunago joan behar dugu, eragiketa bide berriak ireki eta estatuaren eskumenen ezeztatzea eta partekatzea garatzeko.
Karrikak egin du ofizialtasunaren aldarria. Hautsi da tabua? Lurralde elkargoan euskara hizkuntza koofiziala izanen dela diozue.
P. I. Bertze lurralde elkargo batzuetan koofizializazio esperientziak egin dira. Baina lege esparruak dena baldintzatzen du, Frantziako Konstituzioko bigarren artikuluak dioelako Errepublikaren hizkuntza frantsesa dela. Irakurketa hertsia egin du Konstituzio Batzordeak. Euskalgintzako eragileek argi diogu egiturak eta konstituzioa aldatu behar direla euskarari ezagutza aitortzeko.
M. B. Frantziako presidenteak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berretsiko duela ziurtatu du. Konstituzioko 2. artikulua aldatu beharko du: koofizialtasuna aipatzen da. Kontzeptu horiek zama politiko handia dute. Uste dut adostasuna dagoela hizkuntzak lege esparru bat behar duela. Lurralde elkargoak eragin dezake estatuaren eskumen batzuk ezeztatzea. Legeak aitortzen du esperimentaziorako eskubidea eta, ondorioz, eskumenak zehaztu behar dira. Ezeztatzearen ildotik, aitzinamenduak egin daitezke, eta eginkizunak finkatu.
Zein dira eskumenak ezeztatzearen ondorioak?
M. B. Euskara eta euskarazko irakaskuntza garatzeko politikan, animatzailea da EEP. Ez du erabakitzeko eskumenik: Frantziako Hezkuntzak du. Tentsio uneak egon dira, baina, 2005etik, nagusiki, EEPren ildoak onetsi ditu. Eskumenen ezeztatzea plantan ezarriz, Frantziako Hezkuntzarekin osatu hitzarmen baten bidez, lurralde elkargoak erabakiko luke nola baliatu irakasle postuak. Lurralde elkargoa sortzen bada, departamendua desagertuko da. Estatuaren antolaketa egokitu eta Euskal Herriko Akademia Ikuskaritza sortu beharko da. Eskaeraren logikan gaude, ez eskaintzarenean. Baionako Cassin lizeoan txinera eskaintzeko, ez zen ikertu eskaera. Euskararekin ez da horrela, eta tentsioak sortzen dira.
P. I. Seaskak eskaera ahula den tokietan ikastolak sortzea deliberatu du. Eginez gero, laster betetzen dira. Eskaera eskaintza baino handiagoa da. EEPren bidez hitzartu genuen hori, duela lau urte. Bost urtean bost ikastola ireki ditugu. Txiki gelditu dira. Aitzinatu nahi den lurralde bati eskumena ematea da ezeztatzea. Esperimentazioari buruzko legeak egon, badaude. Lege koadroa irekiz eta elkarlanean aritzeko gaitasuna kontuan hartuz, urrunago joateko aukera dugu. Seaskan, euro bat jasotzen dugularik, hiru bihurtzen dira, guztien lanari esker. Ez da Seaskaren berezitasuna, Euskal Herriarena baizik.
Eskaeratik eskaintzara pasatzeko mugak badaude: Falloux legea, murgiltze eredua garatu ezina...
P. I. Frantziako hizkuntza gutxitu guztiek pairatzen dituzte muga horiek. Elkarlanean, horiek haustea lortuko dugu. Falloux legea deuseztatzea da ardatz bat; neurri bereziak plantan ezartzea bertze bat. Seaska, elkarte egitura duen eskola laikoa, eskola pribatu katolikoaren gisara hartzen dute. Horretatik bereizi behar dute Seaska. Esperimentazio gune bilakatu behar dugu.
M. B. Gizartearen presioa kontuan hartu behar da, hautetsien borondatea bezala. Biek bat egiten dute. Kolektibitate bat baldin badago, Frantziako deszentralizazioaren hirugarren atala gauzatzen bada, esperimentaziorako aukerak beharko dira. Kolektibitateak posible luke zuzenbide arruntetik ateratzea. Horrek ahalbideratuko luke status quo-a aldatzea. Hori ere alda daiteke udazkenean, dezentralizazioaren eraginez. Gizartearen nahia oinarri, esperimentazio koadroa osa daiteke, eta eskaintzaren logika gauzatu. Hitzartutako koadro esperimentalarekin, egoitzen afera ere gardenagoa litzateke. Borondate politikoa bada, ikastolen egoitzen arazoa gaindituko dugu.
EEP da plantan dagoen lanabesa. Ez ote da erakunde bihurtu behar? Nolako egitura publikoa behar da?
P. I. Garapen Kontseiluaren eztabaidan adostasunik bada, euskararen alorrean da. Zenbat eta eskumen gehiago ukan, zenbat eta indartsuago izan, orduan eta aukera gehiago eraginkorrak izateko. Helburua da euskara salbatzea. Ez diogu guk, Unescok baizik. Biztanleen herenek baino gutxiagok baldin badakite, hizkuntza galbidean da. Iparraldean, azpitik gaude. Helburua lortzeko tresna bat hautatu behar da. Gehiengoa lurralde elkargoaren alde da, eskumen gehien dituen egitura delako. Ipar Euskal Herriko Akademia Ikuskaritza edo Errektoretza sortzea dakar horrek. Elkargoak hartuko lituzke hizkuntza politikaren ardurak. EEPren erakunde izaerak eta izenak bat egitea posible litzateke. Zoritxarrez, EEPk ezin ditu erabaki hizkuntza politikaren beharrak eta baliabideak.
M. B. Lurralde elkargo bat sortzen bada —eta horren alde militatzen dut—, garrantzi handia eman beharko zaio adostasunari. Udazkenean bukatuko dira lanak, eta erabakiak hartu beharko dira. Sortzen bada, hizkuntza politikarako eskumenak ukanen ditu. Egitura demokratiko bat izanen da; ordezkariak hautatuko dituzte herritarrek, eskumenak finkatuko, aurrekontuak osatuko.
Lege adituen iritzia eskatu duzue. Konstituzio aldaketa beharrezkoa dela diote. Egingarria da?
P. I. Bi murru ditugu. Sobera handia den egitura politiko batean urturik dago Ipar Euskal Herria, Biarnori lotua. Hurrengo etapa, logikoki, departamenduaren zatiketa da. Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko aldatu behar da konstituzioa. Orduko artikuluekin, hizkuntza politika ez da aitzinatuko. Hizkuntza politikan aitzinamenduak egiteko, urrunago joan behar da.
M. B. Lurralde elkargoa egiteko, ez dago konstituzioa aldatu beharrik, baina Euskal Herriak lege bat behar du konstituzioan. Ez dakit gehiengo politikorik ba ote den. Hautagaiek engaiamenduak hartu zituzten kanpainan, eta orain proposamenak eraman beharko dituzte parlamentura. Traba nagusia bigarren artikulua da. Kendu ezean, ez da hizkuntza politika eraginkorragorik eginen. Ipar Euskal Herriko hautetsiei dagokie indarrak biltzea traba hori kentzeko. Azken aldaketa egin zelarik, blokeoa egon zen, baita eztabaida sakona ere. Landu dira formulazio juridikoak. Errepublika bizi izan da 2. artikulurik gabe. Frantziako hizkuntzen aurka baliatu dute. Frantsesaren aldeko borroka, aniztasunaren aldeko borroka izan behar du. Ezagutzarik eza eta ezaxolakeria izanen dira zailtasun handienak, ez etsaigoa. Politikariengan eta gizartean atzemanen ditugu. Hautetsiek, diputatuek, senatariek adostu badute xedea, ezkerreko zein eskuinekoek, zergatik ez utzi egitera? Aldiz, badaude estatuaren egitura eta funtzionario batzuk, alternantzia politiko ororen gainetik segitzen dutenak: Estatu Kontseilua, Konstituzio Kontseilua... Haiek atxikitzen dute zentralismoaren kultura, jarrerarik jakobinistenak. Indartsuak dira, eta tenpluaren zaindariak balira bezala sentitzen dira.
P. I. Ikusi dugu nola desitxuratu den 2. artikuluaren zentzua. Lamasourek aitortzen du bere nahia ez zela lurralde hizkuntzen aurka jotzea. Ongi finkatu behar ditugu xedeak, tunelaren bertze aldean argia dagoela ikusteko.
Euskarak karrikan duen erabilpena neurtu dute. Ipar Euskal Herrian %6,2 mintzatu ziren euskaraz iaz. Zuen gogoeta indartzen du datu horrek?
P. I. Inkesta soziolinguistikoek argi erakusten dute neurrien beharra. Gure proposamena indartzen dute, geroan beharko ditugun baliabide eta tresnak definitzerakoan. Aurki helduko zaizkigu inkesta soziolinguistikoaren emaitzak ere. Beheko zola izan daiteke %6,2, adinen piramidea aldatzen ari delako. Gero eta gazte gehiagok dakite euskara. Lorpen hori Seaskarena da, nolabait. Ez Seaskarena elkarte gisa, murgiltze ereduarena baizik. Eskola elebidunek hiztun osoak egin dituzte, eta inguruan eta familian euskararen transmisioa bermatu da. Seaskan hiztun osoak egiten ditugu, baita familian edo inguruan euskararen transmisioa etenik dagoelarik ere. Normalizazioa neke da, erabilera %6,2 delarik. Estatus berezia ukanen duen lurralde elkargoa da bidea gobernantza mailari dagokionez.
M. B. Espero dut Paxkalen borondate militante hori errealitate bihurtzea ondoko urteetan. Ni ere prest nago baikor izateko, baina arrisku handi bat badago. Duela 40 urte, euskara presente zen gizartean, eta arrotz eskolan. Gaur, euskara presente da eskoletan, baina ez bizimodu publikoan. Guri dagokigu sistema garatu eta euskarari tokia egitea bizimodu publikoan. Elkargoak erraztuko luke bidea, borondate argiagoa erantsiko liokeelako hizkuntza politikari, eredu izanen litzatekeelako. Erabilpenaren galdera gizarte osoari pausatzen zaio, baita euskaldunei ere. Euskararen erabilpena sistematikoa bihurtu behar da ekimen bat egiten den orotan, bizi sozialean, kulturan, ekonomian... Erabilpena indartzeko, borondatea sustatu behar da etengabe. EEPko langile kopurua eta euskara teknikari guztiak ere ez dira aski horretarako. Baliabideen galdera pausatzen da. Sukalde lan handia behar da; pertsuasioa eta jarraipen hurbila. Euskarak legezko estatus bat behar du; koofizialtasuna. Erraztuko lituzke gauzak. Urrats garrantzitsua litzateke, baina ez aski. Gizartearen atxikimendua funtsezkoa da. Menturaz, ondoko belaunaldiak ukanen du borondate hori, gatazka arriskuak ekiditeko.
P. I. Balizko asaldatze hori txikiagoa izanen da euskal hiztun osoak baldin badira. Anitzek ikasi nahi dute euskara. Ez jakiteak edo ezin ikasteak ere etsipena eta asaldatzea eragin dezakete.
M.B. Eragin behar da indartsu, hautetsiek, kultur arduradunek, kirol taldeek, enpresa buruek eta ekonomia eragileek euskararen erabilpena berma eta susta dezaten. Gaur egun ere, nahiz eta lege koadrorik ez ukan, anitzez gehiago egin daiteke. Auzapezek ez dute eragozpenik egiten dutena baino anitzez gehiago egiteko.
Euskara. Lurralde elkargoa sortzeko proposamena. Max Brisson kontseilari nagusi eta EEPko presidente ohia eta Paxkal Indo Seaskako presidentea
«Euskarak lege estatus bat behar du; koofizialtasuna behar du»
Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak lurralde elkargoari buruzko gogoeta abiatu zuten duela urtebete. Horren izaerari loturik ageri da euskararen geroa, eta xede horren eskumenak eta ezaugarriak zehazteko tenorea helduko da udazkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu