Arratsaldeko 18:30ak paseak zirela hasi da EHEk Tolosako Leidor zineman antolatu duen ekitaldia. Hasteko, lehenengo mendetik XX.era arte euskarak izan duen bilakaera historikoa islatu dute proiekzio baten bidez. Dantzarien eta txalapartarien saioaren ondoren, Gabi Basañez EHEko kideak hartu du hitza, eta "euskarak bizi dituen une zailak" izan ditu hizpide. "Euskara eraso ikaragarri baten pean dago", nabarmendu du Basañezek, Espainia eta Frantzia "euskararekin zerikusia duen edozein gauzaren aurka jotzeko prest baitaude".
Halaber, euskarak ez duela inon ofizialtasunik, eta gaztelerak aldiz edonon duela adierazi du EHEko kideak. "Euskarak ofizialtasuna behar du eta hor kokatu behar da eztabaida, Euskal Herriak berak ofizialtasuna behar duen bezalaxe", nabarmendu du.
Basañezek zehaztu duenez, egungoa "euskaltzaleak antolatzeko garaia" da, eta euskararentzat "garai erabakitzaileak" datozela azpimarratu du. Halaber, euskarari "merezi duen tokia eman behar" zaiola esanez amaitu du Basañez.
"Indar metaketa egitea funtsezkoa da"
Euskal Herrian Euskaraz elkarteko Lierni Iztuetak gaurko ekitaldiaren berri emateko agerraldian adierazi zuenez, «gure herrian gure hizkuntzaz normaltasunez bizi ahal izateko, indar metaketa egitea funtsezkoa» delako antolatu dute gaurko ekitaldia. Horretarako, «ahalik eta indar gehien biltzeko» asmoa agertu zuten. EHEko kidearen ustez, euskararen normalizazio bidean «bidea zehaztuta dago, bide horretan ahalik eta multzo handiena sartzea da orain apustua». Hori jendarteratzea da gaurko ekitaldiaren helburua.
Euskararen eta euskalgintzaren aurkako erasoak ugaritzen ari direla ikusirik, «indarrak batzea eta bakoitzak euskararen normalizazioan urratsak egiteko engaiamendua hartzea» ere garrantzitsutzat jo zuten.
Beharrezkotzat jo zituzten baita ere, «herritar eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna eraikitzeko», gaur egun ezarrita dagoen zatiketa administratiboa gainditzea, euskarak beharrezko duen lege babesa izatea eta Euskal Herri osorako euskararen ofizialtasun egoera lortzea.
Herritarren inplikazioa eta konpromisoa
Herrigintzak normalizazio prozesuan izandako garrantzia ere azpimarratu zuten prentsaurrekoan. «Euskara bizi izan bada, herritarrek egindako lanarengatik izan da» gogoratu zuen Iztuetak. «Milaka euskaltzaleren inplikazioari esker sortu eta hazi diren» Ikastolen eta Euskaldunon Egunkaria-ren sorrera ekarri zituen gogora, tokian tokiko euskarazko hedabideen eta euskara elkarteen sorrera ere ahaztu gabe .
Aurrera begira, hala ere, EHEk norbanakoen «inplikazioa eta konpromisoa» ere eskatu zuen, «inoiz baino beharrezkoagoa dugulako normalizazio prozesua bururaino eramateko». Lierni Iztuetak adierazi zuenez, «jendarte oso bat aldatu nahi badugu, jendarte osoa inplikatzeko milaka izan behar dugu eragileek».Horretarako beharrezko pausoak ere adierazi zituzten:«Guk hasi behar dugu jokatzen dugun paperaren kontzientzia eta normalizazioan jarrera aktiboa hartzen, gure hizkuntza eskubideak bermatuak izan daitezen eraginez eta esparru ezberdinen euskalduntzea azkartzen».
Euskara eztabaida politikoan sartzeko eskatu du EHEk
Gaurko Tolosan antolatu duten ekitaldiaz gain, euskararen egungo erronkez ere aritu ziren EHEko bozeramaleak. Azkenaldian Euskal Herrian zabaldutako eztabaida politikoa dela-eta, Euskal Herrian Euskaraz-ek bere proposamena egin nahi izan zuen. Elkarteko Mikel Irastortzak adierazi zuenez «Euskal Herriak bizi dituen une zail baina itxaropentsu hauetan, euskara eztabaida politikoaren erdian bete-betean sartu behar da». Eta EHEk bere sorreratik, duela 24 urte, zioen bezala «euskararik gabe Euskal Herririk ez dagoela» adierazi zuen. Irastorzak argitu zuenez, egun euskarak bizi duen egoera «mendeetan eman den zapalkuntzaren ondorio da, baina ezin da ahaztu, euskara bizirik badago, herriak egin duen lanari esker dela».
'Atzo, gaur eta bihar euskaraz!' ekitaldia
Euskarak "merezi duen tokia" izan dezan "euskaltzaleak antolatzeko garaia" dela azpimarratu du EHEk
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak euskararen normalizazioaren alde esparru ezberdinetan lan egiten duten 350 lagun bildu ditu gaur arratsaldeko 18.30ean hasita, Tolosako Leidor zineman. Tartean ziren, besteak beste, Iñaki Lasa Kontseiluko ildo instituzionaleko arduraduna, Juan Inazio Hartsuaga Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria, Xabier Isasi UEUko errektorea, Joxe Leon Otaño AEK-ko ordezkaria, Joseba Alvarez Sozialista Abertzaleak taldeko parlamentarioa, Ane Agirregomezkorta Kontseiluko lehendakaria, Inaxio Agirre AuBko kidea eta Martxelo Otamendi 'Berria' egunkariko zuzendaria. Gabi Basañez EHEko kideak ekitaldiaren amaieran adierazi duenez, "euskara une zailak bizitzen ari da eta kinka larrian dago ofizialtasunik ez dagoelako". Halaber, egungoa "euskaltzaleak antolatzeko garaia" dela eta euskararentzat "garai erabakitzaileak" datozela azpimarratu du. Euskarari "merezi duen tokia eman behar" zaiola esanez amaitu du bere hitzaldia Basañezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu