ainara arratibel gascon

Euskarak sakon hartzen du arnasa

2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Euskaraz bizitzeko eskubideak beste bultzada bat jaso du Goizuetan (Nafarroa). Han egin dute aurtengo Uema Eguna. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak euskaraz bizitzeko guneak sortzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Horrekin batera, harrera egin die mankomunitatea osatuko duten beste bost udalerriei. 66 dira jada beren herritarrei euskaraz bizitzen laguntzeko hautua egin duten udalak. 162.000 herritar egongo dira ordezkatuta Ueman. Udalerri euskaldunen familia handituz doa. Festa giroan, Euskal Herri euskalduna aldarrikatu dute.

Laino artean esnatu zen atzo Goizueta. Goizean goizetik igartzen zen egun berezia zela. Udaletxeko balkoian Euskaraz bizinahi dut zioen bandera handi bat ikus zitekeen. Goizuetak berezkoa du euskaldun izaera, eta atzo ere ikusi zen hori. Jende mordoa bildu zen udaletxeko plazara. Haur, gazte zein helduek euskara zuten mingainean. Euskararen inguruan festa egun handia antolatu zuten: haur jolasak, eskulangileak, dantza emanaldiak, herri bazkaria...

Ekitaldinagusiak, dena den, Uemaren batzarra eta ondorengo ekitaldia izan ziren. Batzarrean, urtean Uemak egindako jardueren berri eman zien zuzendaritzak udaletxeko bilkura aretoan batutako alkate eta zinegotziei. Etorkizuneko erronkak ere zehaztu zituzten. «Beste urrats bat egin nahi dugu herritarren hizkuntz eskubideen defentsan, eta arnasguneak ugarituko eta indartuko. Jendeak euskaraz bizi ahal izateko ahalik eta gune gehien izatea nahi dugu», azaldu zuen Malen Belastegi lehendakariak.

Behin azalpenak emanda, Ueman sartuko diren bost udalerrietako ordezkariei harrera egin zieten: Oñatikoei, Getariakoei (Gipuzkoa), Igantzikoei (Nafarroa), Mañarikoei eta Ondarroakoei (Bizkaia). Quorum nahikorik ez zutenez, ezin izan zuten ofizialki Ueman sartu. Ezohiko batzarra egingo dute izendapena ofizial izateko.

Belastegik elkarlanerako deia egin zuen bukatzeko. «Garai politiko aproposak dira lankidetzarako, eta administrazioetako ate guztiak joko ditugu. Espero dugu sekula baino erantzun hobea izatea. Herri eragileekin ere hitz egingo dugu. Uste dugu funtsezkoa dela indar metaketa». Asmo horien adierazle dira BERRIA Taldearekin eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren sinatu dituzten hitzarmenak. Soziolinguistika Klusterreko kide ere egin da Uema. «Bi erakundeak euskararen arnasguneen eta hizkuntza ekologiaren gaiak ari gara lantzen».

Beste bi erronka ere badituzte. Batetik, kuoten inguruko proposamen bat zehaztu nahi dute. Izan ere, krisi ekonomikoaren ondorioz udal batzuk zailtasunak izaten ari dira Uemako kuota ordaintzeko. Beste batzuek ez dituzte kide egiteko izapideak hasi, kuota ezin dutelako ordaindu. «Urte amaierarako proposamen bat lantzen ari gara udalerri horiei nola lagundu zehazteko». Iparraldeko herriekin ere hasi nahi dute hartu -manetan.

Berrien ilusioa

Batzarraren ostean, hamaiketakoa izan zen. Oñatiko euskara eta hezkuntza batzordeburu Nerea Zubia ilusioz zegoen Ueman sartu direlako. «Administrazio publikoen ardura da herritarrei euskaraz bizitzeko bidea ematea, eta honekin beste pauso bat egin dugu. Hasieratik eduki genuen garbi Ueman sartu nahi genuela». Herritarrak prozesuan parte izan direla nabarmendu zuen. «Uste dugu landu ditugun hainbat gauza baliagarriak izan daitezkeela».

Herritar gehienak euskaldunak direla kontuan hartuta, Nikanor Lertxundi alkateari «zentzuzkoa» iruditzen zaio Getaria Ueman egotea. Dena den, nahi bat azaldu zuen. «Ea egunen batean Uema desagertzen den. Horrek esan nahiko luke euskararen normalizazioa lortuta egongo litzatekeela». Ondoren izandako ekitaldian arnasguneen beharra azaldu zuten beste behin. Bertsoek eta musikak jarri zioten doinua aldarrikapenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.