MARTIN UGALDE FOROA

Euskarak zedarritutako bidean

Ikastolen Elkarteak, Sortzen-ek eta Kontseiluak oroitarazi dituzte eskola eleanitza lortzeko ahaleginak. Lege organikoek dakarten mehatxuaz harago, bide propioa aldarrikatu dute. [youtube]https://youtu.be/geCD16s7e-A[/youtube]

arantxa iraola
2016ko urtarrilaren 29a
10:27
Entzun

«Euskara gutxi duenari euskara gehiago ematea da gako nagusia». Tesi horren inguruan harilkatu zuen, atzo, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sustatuta eginiko Ikasle euskaldun eleaniztunak proposamenaren koordinatzaile Arantxa Urbek Ikasle euskaldun eleaniztunak. Nola? mahai inguruan egin zuen ekarpena. Eta gainerako solaskideek ere argi utzi zuten eskolak, euskaldunduko badu, euskaraz zedarritu behar duela bidea. Harago eginez beti, gainera.

Martin Ugalde foroak antolatutako solasaldia izan zen, eta, Urberen ondoan, Ikastolen Elkarteko ordezkari Abel Ariznabarreta eta Sortzen elkarteko Julen Etxeberria elkartu ziren mahaian. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hartu zuen haien jarduna koordinatzeko ardura. Hizkuntz ereduen gaineko kezkak 2005. urtean aparteko garrantzia hartu zuela oroitarazi zuen: «Hainbat datuk agerian utzi zuten ordura arte denok genekiena». Esaterako, ISEI Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak plazaratu zituen hainbat emaitzak —D ereduko ikasleen %57k erakutsi zuten B2 maila DBHko laugarren mailan; B ereduko %27k; A ereduko bakar batek ere ez— azaltzen zutenak ikasleak euskalduntzeko zer-nolako gabeziak zituen oraindik ere hezkuntza sistemak.

Eredu berri baten alde

Horrekin, hauspotu ziren hizkuntz ereduak auzitan jartzen zituzten ahotsak; ingurumari horretan jarri zuen, hain zuzen ere, Kontseiluak Ikasle euskaldun eleaniztunak proposamena lantzen hasteko ernamuina, eta, horren babesean, eta beste hainbat erakundek sustatuta, ahalegin ugari egin dira ordutik sistema hori gainditzeko: hobetzeko. Julen Etxeberria da saiakuntza horietako baten bozeramailea: Donostiako Egia auzoko Aitor ikastolako zuzendaria da, eta Kontseiluko hezkuntza eragileen abaroan ehundu zen proiektu horretan oinarritutako eredu berri bat praktikan jartzeko ahaleginetan ari dira Dimako (Bizkaia) eskolarekin batera azken urteotan. Aparteko garrantzia ematen diote inguruari: auzoko gainerako eremuetan ere euskara sustatzeari. «Eskola ez dadin irla bat izan».

Lan nekeza dela onartu zuen; hezkuntzaren lan antolaketan aintzat hartzen ez dena. «Oraindik ere lan hori egiten da militantziaz; baina ikaragarrizko lana da, eta, gainera, berria». Indarrean dagoen sistemaz harago egitera nahi eta ezinean ibili beharrak bultzatu zituela onartu zuen: «Izan ere, ikusten genuen euskararen erabilera maila ez zela guk nahi genuena». Bidean sakontzeko, lan sistemak hobetze aldera, arrunt garrantzitsutzat jo zuen, besteak beste, helburuak fintzea: argiago ipintzea. «Zer da ahoz eta idatziz modu eraginkorrean komunikatzeko gai izatea? Hori zehaztu beharra daukagu».

Ikastolen eredua

Ikastolen Elkarteak urte ugari daramatza euskaraz ardaztutako eredu elenanitz baten alde. Abel Ariznabarretak gogora ekarri zuen ibilbidea, eta, egun %75ean euskaraz ari den sistema batean dihardute, lau hizkuntza —euskara, ingelesa, gaztelania eta frantsesa— barnebiltzen. Aurrera egin ahala, premiak ere ikusten dituzte. Argi dute, esaterako, ikastolaz apartekoak aintzat hartu behar direla ikasleak euskalduntzeko: «Garrantzitsua da eremu guztiak aintzat hartuko dituzten hizkuntza plangintzak egitea». Eta, besteak beste, «ikasmaterialgintza koherente bat» eta ondo trebatutako profesionalak ezinbestekotzat jo zituen Ariznabarretak.

Eta legearen babesa ere eskatu zuen. «Hezkuntza lege bat behar dugu hezkuntza sistema bere osotasunean aintzat hartuko duena». LOMCEren gisako lege organikoen mehatxua saihesten zaila bada ere, era horretako lege batek «indar handiagoa» emango lukeela defendatu zuen. Ingurumari horretan, euskararen biziberritzeak «helburu nazional» izan beharko lukeela nabarmendu zuen: «Gainerakoan, beti ibiliko gara adabakiak jartzen».

Hego Euskal Herriko errealitatea izan zuten hizpide; Espainiak hartutako erabakiak bakarrik ez, Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak ere hainbatetan euskara arriskuan jarri duten erabakiak hartu dituztela oroitarazi zuten. «Arriskua ez da LOMCEtik bakarrik heldu; hiru eleko eredua ere oso arriskutsua izan zen», adierazi zuen Ariznabarretak, PSE-EEren agintaldian sustaturiko egitasmo hura gogoan. Nafarroan, PAI ereduak ere atzerapausoa ekarri duela oroitarazi zuten, eta, halaber, Jaurlaritzak Heziberri ardatz hartuta onetsitako azken dekretua auzitan jarri zuten.

Etorkizuna norabide egokiagotan zedarritze aldera, Ikasle euskaldun eleaniztunak proposamenean mahai gainean jarri zuten ideietako bat gogora ekarri zuen Urbek. «0-3 zikloan murgiltze edo mantentze ereduak jartzea giltzarri litzateke, eta halaxe proposatu genuen». Harago egiteko deia egin zuen horregatik, proposatutako bide berrietan: «Eskolak, ematen dituena baina emaitza hobeak eman ditzake».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.