EUSKARA

Euskaraldia Nafarroan sustatuko duen "hamaikakoa" aurkeztu dute

Hamaika esparrutako euskaltzale "aktibo eta erreferentzialak" bildu dituzte, egitasmoaren "enbaxadore" izateko.

Nafarroako hamaikakoa osatuko duten euskaltzaleak. EUSKARALDIA
Ion Orzaiz.
2018ko ekainaren 13a
07:20
Entzun

Iruñean aurkeztu dute gaur Euskaraldia: 11 egun euskaraz egitasmoaren Nafarroako hamaikakoa. Goizean bildu dira NAPI Nafarroako Administrazio Publikoko Institutuaren egoitzan talde eragilea osatuko duten kideak.

Honako hauek izanen dira: Oier Sanjurjo futbolaria, Julian Iantzi telebistako aurkezlea, Edorta Salvador okina eta sukaldaria, Zuriñe Hidalgo abeslaria, Nerea Egozkue modeloa, Nerea Fillat Katakrakeko kidea, Mikele Grande Uharteko gaztea, Mikel Idoate enpresari eta pilotari ohia, Juan Kruz Lakasta kazetaria eta Saioa Jaurena errugbi jokalaria.

Haiekin batera izan dira egitasmoa Nafarroan kudeatzeaz arduratzen direnak: Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiaren Nafarroako koordinatzaile Oskar Zapata, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, eta Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi.

Herrialde bakoitzeko hamaikakoen egitekoa izanen da Euskaraldia herritarren artean sustatzea, era aktiboan parte hartzea eta horren berri ematea. "Euskaraldiaren enbaxadore izanen dira", antolatzaileen esanetan.

Urte erdi falta da 11 eguneko erronka martxan jartzeko –azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo dute–, eta jadanik 340 bat udalerrik eman dute izena parte hartzeko. Batzordeak sortzen ari dira herri horietan, Euskaraldia prestatzeko: euskalgintzako eragileak eta instituzioak bildu dituzte.

Herritarren hizkuntza ohituretan eragitea da Euskaraldiaren helburua: aukera dagoenean euskaraz egitea. Ahobizi eta belarriprest rolak zehaztu dituzte horretarako. Herritarren aldaketa bultzatu nahi dute, beraz, eta taldean egin nahi dute. Norbanakoen aldaketarako, ordea, uste dute ezinbestekoa dela entitateen babesa: “Ariketa sozial honek hainbat bidelagun behar ditu. Herritarrek entitateei lotuta egiten dute beren egunerokoa: elkarteetan, enpresetan, kirol elkarteetan, aisialdi taldeekin”. Horiek Euskaraldira biltzea jarri dute erronka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.