Ikasleei Euskaraldiaren berri ematea helburu, irakaskuntzaren alorrean dabiltzanek hainbat material aurkeztu dituzte. Material horiek haurrei, nerabeei edo euskara ikasten ari diren helduei zuzenduta daude, eta horrela “herritarrak prestatu eta tresnak eskaintzeko fasean” dago Euskaraldia une honetan. Horrela azaldu du Arrate Illaro Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiaren koordinatzaileak. Izan ere, era aktiboan ekimenean parte hartu dezaketenak hamasei urtetik gorakoak izan behar duten arren, haurrak aliatu direla deritzo Illarok, helduak aktibatzeko bidean.
Batetik, Ikastolen Elkarteak hiru unitate didaktiko osatu ditu, adinaren arabera bereizita: lehena, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta; bigarrena, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dauden ikasleekin lantzekoa; eta, azkenik, batxilergoan daudenei bideraturiko unitatea. “Unitateak adin eta etapa ezberdinak aintzat hartuz eta haietara egokituz osatu ditugu”, adierazi du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak.
Irria aldizkariari dagokionez, monografikoa eskaini dio papereko azken zenbakiak Euskaraldiari. Bertan, ipuin, asmakizun, marrazki eta bestelakoen bidez, bi eta zortzi urte bitarteko haurrei ekimenaren berri emango diete. Eranskin gisa ere txertatu dute alea Ikastolen Elkarteko unitate didaktikoan. Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldian, Garazi Urrusolo elkarteko kideak euren lanaren nondik norakoaren berri eman du: “Haurrak gizartearen parte aktibo dira. Horregatik, haiekin Euskaraldia lantzea ezinbesteko ikusten dugu. Haiek hamaika egun horietan zehar bidelagun izan daitezen”.
Helduentzako unitate didaktikoak
Haur eta gazteez gain, ikasten ari diren helduengan jarri dute fokua euskaltegiek. Hori dela eta, AEKk ere unitate didaktikoak prestatu ditu Belarriprest zein Ahobizi izatera bidean dauden euskara ikasleentzat. Kasu honetan, bost unitate bereizi dituzte Europako ikasketa planak ezartzen duenaren arabera: A1, A2, B1, B2 eta C1. Haurrek ez bezala, helduek aukera dute Euskaldiaren parte aktibo izateko.
Sarean dira jada AEKren zein Ikastolen Elkarteko unitate didaktikoak. Irria aldizkarien alea ere, dagoeneko kalean da.