Gogotsu eta ilusioz hartu du erronka Baztango Ikastolak. “Nafarroako hamabortz ikastolen izenean, harrotasunez, gure gain hartzen dugu Nafarroa Oinez 2015 besta antolatzeko ardura”, azaldu du Iosune Ortega Baztan Ikastolako zuzendariak gaur egindako aurkezpenean. Euskararen festa izatea nahi dute.
Hamabortz, ama bat lelopean antolatuko dute jaia. Hamabost direlako Nafarroako ikastolak; hamabost, Baztango herriak, eta 2015. urtean egingo dutelako. Ama bat, ama hizkuntza bat dutelako denek: euskara. “Ama guztiendako omenaldi xumea ere izan nahi du aipamenak”, azaldu du Orteagak. Ikurra, berriz, oin bat da: “Oinez, urratsez urrats egin dugu eta egiten ari gara gure hizkuntzaren bidea, eta, hortaz, oina da gure ikurra”. Bigarren aldiz antolatuko dute festa Baztanen; 1982an egin zuten lehen aldiz.
Baztango Ikastola handitzen ari dela azaldu du Elena Zabaleta ikastolako lehendakariak: “Hala ere, kalitatezko hezkuntza eskaintzen jarraitzeko, instalazioak egokitzea ezinbestekoa da”. Helburuak apalak dira antolatzaileen iritziz: jangela handitu nahi dute, kanpoaldean aterpe bat eraiki, ikasgela kopurua handitu eta eraikinaren isolamendua hobetu. 1970. urtean sortu zuten Baztango Ikastola, “euskarazko irakaskuntza bermatzeko”. Egun, 201 ikasle ditu, eta 122 familiak eta hamalau irakaslek osatzen dute.
2014ko festa, “perfektua”
Zangozako Ikastolak pasatu dio lekukoa Baztango Ikastolari. Urriaren 19an egin zuten festa Zangozan, eta, antolatzaileen iritziz, “perfektua” izan zen. “Egin genituen aurreikuspenak gainditu ditugu; espero genuen baino jende gehiago bertaratu zen”, azaldu du Leire Rebole ikastolako zuzendariak. Eguraldia alde izan zutela gaineratu du, eta ekintzetako parte hartzea oso handia izan zela. Festak indarra eman die lanean jarraitzeko: “Oso garrantzitsua izan da ikastolarentzat”. Lortutako diruak zorra leuntzen lagunduko diela azaldu dute, nahiz eta ez duten markatutako helburua guztiz beteko.