Euskararen alde eraginez

EHE Euskal Herrian Euskaraz elkartearen sorreraren 30. urteurrenaren karietara egindako dokumentala aurkeztu dute Donostiako Doka kafe antzokian.

ainara arratibel gascon
Donostia
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Dokumentala ez da elkartearen historiaren kontaketa hutsa. Urte hauetan egin den lanaren eta ekimenen osagarria da, eta, haiek bezala, euskararen aldeko lanean eta militantzian eragitea du helburu». EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko kide Igone Lamarainek eta Jon Ansa zinemagileak hala azaldu dute, EHEren 30. urteurrenaren karietara egin duten Izan, Egin, Eragin Euskal Herrian Euskaraz dokumentalaren xedea. Bertan, urte hauetan euskararen aldeko «lan eta borroka» horretan bidelagun izan diren 22 pertsonaren iritziak eta testigantzak jaso dituzte. «Asko egin eta lortu da urte hauetan. Baina asko dago egiteko», nabarmendu du Lamarainek.

Dokumentalak ordubete irauten du, eta atzo aurkeztu zuten Donostiako Doka kafe antzokian. Datorren astelehenean Durangoko Azokan (Bizkaia) erakutsiko dute, 14:30ean. «Salgai ere egongo da, eta etorkizunean Euskal Herriko ahalik eta herri gehienetan izatea nahi dugu. Jada prest dago 800 ale inguruko argitaraldi bat», azaldu du Ansak.

Durangoko Azokako aurkezpenean Xabier Amuriza bertsolariak hartuko du hitza. Amurizarena da dokumentalean jasotzen den iritzietako bat. Harekin batera, ikus-entzunezkoan agertzen dira, besteak beste: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazlea, Miren Amuriza eta Jon Maia bertsolariak, Unai Larreategi EHEko egungo kidea eta Karmele Aierbe kide ohia, Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkatea, Iñaki Uria Hamaika telebistako zuzendaria...«Batzuk balio historikoa eman digute, eta besteek gaztetasuna. Baina denak egokiak dira gure helburua lortzeko: eragitea. Haien borrokari duintasuna eta harrotasuna eman nahi izan diogu», dio Ansak. Lamarainek ere haien lana aitortu du.

Izenburuak dokumentalak dituen hiru atalak jasotzen ditu: izan, egin eta eragin. «Irudiekhiru atalak josten dituzte», dio Ansak. Euskaldun izatearen inguruan hausnartzen dute hasieran. «Beraientzat hori zer den eta zer esan nahi duen azaltzen dute; baita noiz jabetu ziren horretaz ere». Egin eta eragin ataletan, berriz, asimilazio prozesuak dakarrenaz hitz egiten dute, eta etorkizunari begira askatu beharreko korapiloez. «Hor, bi gauzatan bat datoz gehienak: burujabetzaren beharrean eta euskararen alde borroka horrek maila pertsonaletik hasi behar duen ustean», azaldu du Ansak.

EHEk lanean jarraitzeak erakusten du, Lamarainen ustez, asko dagoela egiteko. «Oraindik ere menpeko herri bat izaten jarraitzen dugu, eta gaztelaniari eta frantsesari ematen diote lehentasuna administrazio askok. Hori aldatu arte ez dugu erabateko euskalduntzea lortuko herri honetan».

Horren guztiaren karietara, EHEk manifestazioa egingo du otsailaren 12an, Donostian, Euskal Herriak euskalduna eta burujabea izan behar duela aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.