«Herriaren burujabetza momentu honetan beharrezkoa baldin bada ere, ezin gaitezke aldaketa horren zain egon, euskaraz bizitzeko bidea egin behar dugu». Igone Lamarain EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideak argi azaldu zuen festaren mezua.Bigarrenez egin zen Euskaraz Bizi Eguna, Gernika-Lumon (Bizkaia). Adierazpen horiek arratsaldean egindako manifestazio jendetsuaren amaieran entzun ziren. Euskaraz bizitzeko hautua norberak egin behar duela gaineratu zuen, inguruan ere hautu hori egiteko eragin behar dela nabarmenduz. Bide horretan, gogoa eta harrotasuna beharrezkotzat jo zituen EHEko kideak: «Harrotasunez egin behar baitugu euskaraz bizitzeko hautu hori».
Atzoko Euskaraz Bizi Egunak segida eman zion iaz Etxarri Aranatzen (Nafarroa) hasitako bideari. Aurretik, Hizkuntza Eskubideen Eguna ospatu ohi zuten, baina orain Euskaraz Bizi Egunak hartu dio lekukoa, «hizkuntzak dituen eskubideak ahaztu gabe, guk euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko», gogora ekarri zuen Lamarainek. Aldarrikapen horrekin bat egiteko, Euskal Herriko txoko guztietatik bildu zen jendea. «Euskara denona bada, denok joan behar dugu era honetako ekimenetara»; Etxarri Aranaztik iritsitako euskaltzale batek halaxe zioen.
Herritarren partaidetza
«Beti saiatzen gara, era honetako ekimenak antolatzeko garaian, herritarren eta inguruko pertsonen partaidetza sustatzen», azaldu zuen Lamarainek. Gernikarrek dei horri aski era baikorrean erantzun diote, eta laguntza horren ezean atzoko eguna antolatzea benetan lan nekeza izango zela aitortu zuen, esker onez.
Ekitaldiek izan zuten erantzunarekin oso gustura agertu ziren antolatzaileak. «Goizeko ekimenetan jendearen parte hartzea ona izan da», azaldu zuen Lamarainek. Euskalduna naiz eta harro nago! lelopean egindako mendi martxan euskaldun zahar eta berriak elkartu ziren. Bertan, Berbalaguna ekimeneko eta mendizale elkarteko kideek parte hartu zuten. «Garrantzitsua da Berbalagunekoek egiten duten lana, euskaraz bizitzeko bidean beste urrats bat egiten baitute», oroitarazi zuen EHEko kideak.
Menditik herrira jaitsita, sokatiraz gozatzeko aukera eduki zuten plazako ikusleek. Bertan, Busturialdeko bost taldek hartu zuten parte. Musika eta eskalada tailerrak ere egin zituzten, haurrentzat, Iparragirre rock musika bandaren eta Inpernu eskalada taldearen eskutik. Bide batez, herriko plazan jarritako panelen bidez, Gernika-Lumoko eta Euskal Herriko EHEren urteetako ibilbidea ezagutu ahal izan zuten bildu ziren guztiek. Eguerdiko bertso saioan, Ander Elortegi, Igor Elortza, Beñat Ugartetxea eta Onintza Enbeita bertsolariek 400 pertsonaren aurrean kantatu zuten. Eta, iluntzean, Betagarri, Sarkor eta Joxpa taldeen eskutik, aldarrikapen eguna festa bihurtu zen.
Euskararen borrokan, aktibo
Euskararen aldeko mugimenduak Gernika-Lumon beti historia oparoa izan duela oroitarazi zuten atzo. Horregatik ekarri dute aurten Busturialdeko herri horretara bigarren Euskaraz Bizi Eguna. «EHEk antolatu zuen lehenengo Hizkuntza Eskubideen Eguna hemen antolatu genuen», gogora ekarri zuen Nerea Bilbao Gernika-Lumoko EHEko kideak manifestazio amaieran.
Justizia administrazioa euskalduntzeko borroka izan zen Gernika-Lumon euskararen alde egindako ekimen ezagun eta esanguratsuenetarikoa. Lea-Artibai eta Busturialdeko mila herritar inguruk intsumisioa aldarrikatu zuten justizia administrazioa euskalduntzeko. Ekimena Euskal Herri osora hedatu zen. Eta ez daude etsitzeko prest. «Gauza askotan aurrera egin dugu, baina maila sozialean atzerapausoak emateko arriskuan gaude», ohartarazi zuen Igor Orue Gernika-Lumoko EHEko kideak.
Euskararen alde, «harrotasunez»
Euskal Herrian Euskaraz-ek atondutako Euskaraz Bizi Egunean euskaltzalez bete da Gernika-Lumo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu