euskara

Euskararen alde Nafarroako inoizko manifestaziorik jendetsuena egin dute

Milaka lagunek hartu dute parte euskaraz bizitzeko eskubidea eskatzeko Kontseiluak deitutako manifestazioan, Iruñean. Milaka lagun atera dira Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politikaren kontra egitera. Herritar ugarik 'Euskaraz bizi nahi dut' kartela eraman dute soinean, eta herrien izenean ere aldarri hori bera eraman dute pankartetan. "Nafarroako Gobernuak ahal duen guztia egin du Nafarroan euskaraz bizi ez gaitezen", esan du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hitzaldian, eta euskararen normalizazioa ahalbidetzeko baldintza berriak sortu behar direla azpimarratu du.

2010eko maiatzaren 15a
20:36
Entzun
Kontseiluak deituta, Iruñeko gaurko manifestazioa Nafarroan euskararen alde inoizko protestarik handiena izan da, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Espaloietan jendetza pilatu da, zain, noiz lekua izango manifestazioan, burua txaloka hartu duen bitartean. Kontseiluko taldeen ordezkariak Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea leloa zeraman pankartaren atzean joan dira; hala nola, Paul Bilbao, Sagrario Aleman, Oskar Zapata, Nestor Salaberria, Helios del Santo eta Joanmari Larrarte, eta ondoren, gehituz joan dira herritarrak, oihuka, irrintzika, euskaraz bizitzeko gogoa azaleratzen etaNafarroako Gobernuaren hizkuntz politika salatzen.

Herritar askok eta askok Euskaraz bizi nahi dut kartela eraman dute soinean, eta herrien izenean ere aldarri hori bera eraman dute pankartetan. Gizarte, kultura eta politika arloko eragile ugari izan dira herritarren artean. Musikaz eta zanpantzarrez lagunduta egin dute Gaztelu plazaraino ibilbidea. 18:00etan abiatu da jendea Golem zinema aretoetatik, eta bi ordura sartu dira azkenak.

Manifestazio zalapartsua bezain hunkigarria izan da. Gaztelu plazara sartu direnean, Anje Duhalde aritu da megafoniatik kantuan euskarak ez du bere bidea galduko , eta manifestariak pozik bezain emozioz beterik iritsi dira.

Euskararen egoera larria, aldarrikapenak serioak eta etengabeko euria izanagatik ere, ez diote jai giroan eskakizunak egiteari utzi. Festa bilakatu dute herritarrek protesta, antolatzaileen ustez, pozteko milaka arrazoi daudelako, “euskaldun bakoitza pozteko arrazoi bat delako”.

Nafarroako Gobernuak aurrera daraman hizkuntz politikarekin porrot egin duela erakutsi nahi dute herritarrek, eta horri aurre egiteko prest daudela.

"Euskaraz bizi nahi"

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiarenak izan dira amaiera ekitaldiko hitzak, Gaztelu plazan jendea ezin kabitu egon den bitartean, eta “bizi” esan du berak ere, “euskaraz bizi” nahi duela, “BIZI, letra larriz, euskaraz bizitzea eskubidea, justiziakoa” dela nabarmenduz, “euskara tarteka erabiltzea, aukera urriak baliatzea, egunkarietan euskarazko zedozer topatzea ez baita bizitzea”. Azken urteetan euskaldunak zokoratzea helburu izan duen politika aldatu beharra aldarrikatu du. “Nafarroako Gobernuak ahal duen guztia egin du Nafarroan euskaraz bizi ez gaitezen. Nafarroako Gobernuak ikusgai ez izatera zigortu nahi gaitu. Eta guk eroso eta duintasunez bizi nahi dugu”.

Nafarroako Gobernuak euskara desagertzeko ahaleginean porrot egin du, hala ere, Bibaoren arabera, “euskaldunok azken mende laurdenean ehunka proiektu eraikitzen jakin izan dugulako”, baina baldintza berriak sortu behar dira normalizazioa ahalbidetzeko. Eta horretarako lehentasun batzuk daude: lehenik eta behin, hizkuntz politika berri baten beharra nabarmendu du Kontseiluak; bigarrenik, euskararentzat estatus juridiko egokia, eta lehentasunezko bihurtu behar da gutxitua dagoelako, eta azkenik, lehentasunezko hainbat neurri hartu behar dira, euskararen normalizazioari bultzada egokia emateko

“Euskaraz bai” oihukatuz eman dio amaiera Bilbaok ekitaldiari, eta manifestariek, txalo zaparradaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.