Euskararen aldeko aldarria mundu osoko plazetan

Euskal Herritik kanpo ere entzun da Korrikaren tipi-tapa asteburu honetan.

jokin sagarzazu
2024ko martxoaren 18a
10:30
Entzun

Euskal Herritik urrun egonagatik ere Korrikan parte hartu nahi duten makina bat euskaltzale daude mundu osoan. Dauden tokian daudela, egunotan ia kontinente guztietan egin dituzte kilometrotxoak eta euskararen berri emateko egitasmoak. Asteburu honetan, besteak beste, Madrilgo, Berlingo, Washingtongo, Pragako, Mexiko Hiriko, Buenos Airesko, Sao Pauloko, Melbourneko eta Bartzelonako kaleetan entzun da Korrikaren oihua.

Lasterka egiteaz gainera, hitzaldiak, bazkariak eta beste antolatu dituzte. Euskal Herritik kanpo dauden euskaldunak batzeko eta herrialde haietako biztanleak euskarara erakartzeko balio izaten dute halako egitasmoek.

Festa giroa izaten da nagusi, eta antolatzaileek ere ez dute zaila izaten babesa lortzea. Aurten, oztoporen bat izan dute; Madrilen, kasurako. 2013tik egiten dute Korrika Txulapoa deiturikoa, eta 2022ra arte ez zuten eragozpenik izan. Udalak baimena ukatu arren, azkenean atera ahal izan dira, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarenarekin. Bartzelonan, berriz, ekitaldi jendetsua egin dute, eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohiari omenaldia egin diote.Ā 

Korrika munduko hainbat txokotan egitearena ez da aurtengo kontua; duela hamabi edizio jarri zuten martxan Korrika Munduan egitasmoa, eta aldiz aldi herrialde eta hiri ugaritako euskaltzaleak batzenĀ dira.

Parte hartzaileek ez dute aukera galtzen bizitako uneak betirako gordetzeko. Horren adibide daĀ Nikaraguako Leon hiritik Algtotako (Bizkaia) Uxuek eta Arkaitzek BERRIAra bidali dute bideo ederra (goian ikusgai).

Eta karrika eta plazetan ez ezik, itsasoan ere entzun da euskararen aldeko aldarria aurten. Mediterraneoan migratzaileen erreskatean ari diren Aita Mari salbamendu humanitarioko ontziko kideek ere eskuz esku pasatu duteĀ lekukoa.

Korrikaren Ā«ahizpakĀ»

Horrez gain, Korrika oinarri hartuta, munduan zehar ere badaude beste egitasmo batzuk, beste hizkuntza gutxitu batzuenak: Korrika ahizpak izena jarri die AEK-k, eta bederatzi dira guztira. Horietako bi aurten egingo dira.

Aurrenekoa, Okzitanian, La Passem, apirilaren 30etik maiatzaren 5era. Korrikaren antz handia du, eta iaz Euskal Herrian sartu zen, Ahurtitik (Lapurdi). Besteak beste Euskal Elkargoko eta AEK-ko kideek eraman zuten okzitanieraren aldeko lekukoa.

Bretainian ere ospatuko dute aurten Ar Regardeg, bretoieraren aldeko martxa. 2008an egin zuten lehenengoz, eta aurtengoa maiatzaren 17tik 25era izango da.

Korrikaren aldeko egitasmoa, Melbournen (Australia). BERRIA
Korrikaren aldeko egitasmoa, Melbournen (Australia). BERRIA

Beste batzuk prestaketa lanetan dabiltza. Galizieraren aldeko Correlingua, esaterako. 2000. urtean egin zuten lehen aldiz. Ahizpa zaharrena katalanaren aldeko Correllengua da. Lehen aldiz 1993an egin zuten, Mallorcan; 1995ean Valentzian egin zuten, eta 1996tik aurrera, Herrialde Katalan orotan. Urtero egiten dute, hainbat herri eta hiritan.

Ahizpa gazteenetarikoaĀ Galesaren aldeko Ras yr Laith da. Lehenengo aldia 2014koa da; bigarrena, iazkoa. Azkena iazko ekainean egin zuten. Korsikan, iazko urrian egin zuten Corrilinguaren azken aldia.

Horiez gainera, alsazieraren alde Sprochrenner lasterketa egiten da, 2020tik. Eta maputxeen mapuzugun hizkuntzaren ofizialtasunaren aldeko martxa, Lefkantunm, 2016tik egiten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.