Euskararen aldeko hitzetan bat, mezuetan bereizita

Euskararen Eguna baliatu du Patxi Lopezek euskara «denontzako aukera» dela esateko; «askatasunean» oinarrituta garatu nahi du. Kritiken sokara gehitu da Jose Luis Bilbao, Jaurlaritza euskaran «atzera» ari dela salatuz

arantxa iraola
Donostia
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Euskararen aldeko hitzen eguna izan da, berriz ere, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hotsanditasuna eman nahi izan izan zion atzo ospakizunaren harira irakurritako deklarazio instituzionalari; ondoan Jaurlaritzako sailburu guztiak zituela leitu zuen. Soilik Garraio sailburu Iñaki Arriola falta zen; eguraldi makurraren ondorioz, ezin izan zen iritsi. Euskara «denontzako aukera» dela esan zuen Lopezek, eta euskararen garapenak «askatasunean eta borondatean» oinarritu behar duela. «Ez ditut euskal hiztunak baztertuko», azaldu zuen. «Beharrezkoak diren laguntza guztiak izango dira».

Eusko Legebiltzarrak ere aho batez plazaratu zuen atzo euskararen aldeko testu bat. Arantxa Quiroga Eusko Legebiltzarreko lehendakariak aurkeztu zuen. Euskararen aldeko urratsak urteotan «ikusgarriak» izan direla dio idatziak. «Jarrera irekiei eutsi behar zaie, elkar ulertzeari begira, kontsentsurik gabe era honetako prozesu bat ezinezkoa baita».

Nolanahi ere, urak nahasi heldu dira Euskararen Egun honetara. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bereziki. Eusko Jaurlaritzari kritika ugari egiten ari zaizkio. EAJk, esaterako, «utzikeria» egotzi dio hizkuntz politikan, eta horren atzean euskararekiko «gorrotoa» ere leporatu dio. Euskalgintzako eragileek, halaber, sarri utzi dute kezka agerian; hezkuntzan, administrazioko lan eskaintza publikoetan eta beste hainbat erabakitan euskararen aldeko urratsak apaldu egin direla ikusi dute. Eta berez bada kezkarako motibo gehiago ere; Euskararen Aholku Batzordearen jarduna, esaterako, geldirik dago PSE-EEk agintea hartu zuenetik. Batzorde horretako kide berriak hautatzeko prozesuak martxan behar luke, baina ofizialki ez da deus jakinarazi.

Testuinguru horretan, Iñaki Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak Eusko Jaurlaritzaren kontra egiteko baliatu zuen atzo Euskararen Egunaren harira egin zuen agerraldia. Hizkuntza politikan, Patxi Lopezen taldea, «atzeraka» ari dela salatu zuen. «Euskararen eskubidea bermatzeak ekintza positiboak eskatzen ditu, eta ez begira egotea. Jaurlaritzak eskaintzen duen ustezko berdintasun tratuak, benetan, zera dakar, berdintasuna lortu ezina».



Urgellen erantzuna

Mindu egin zen atzo Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Jose Luis Bilbaoren hitzekin. Jokabide «zekena» egotzi zion ahaldun nagusiari, «alderdikeriaz» egina. Bilbaoren kritikak «funtsik gabeak» dira Urgellen ustez, eta «gizalegerik gabeko portaeraren» fruitua. «Bizkaiko Diputazioak Kultura eta Euskara aurrekontuetan egin dituen murrizketak ezkutatzea baino ez du bilatzen».

Euskaren aldeko hitzak zabaldu zituzten atzo Euskal Herriko beste hainbat erakundek ere. Donostiako Udalean egin ziren ekimenen harira, ohar bat plazaratu zuen ezker abertzaleak, udal agintarien jarrera salatuz. «Karitate itxurakoa izan da haren praktika, limosna emailea, ez euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea helburu duena», eman du aditzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.