Maiatzaren 12an euskaltzaleek Senperen duten hitzorduaren gainean mintzatu dira gaur antolatzaileak. Herri Urrats bakar batek ez dituela Seaskaren beharrak betetzen berretsi du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak, horretarako hiruzpalau beharko liratekeelako, eta herritarren erantzuna beharrezkoa dela nabarmendu du. Aurten ere, Herri Urratseko etekin guztiak Kanboko Xalbador ikastetxeko lanak ordaintzeko baliatuko dira.
Eskola horrek behar duen laguntzari buruz aritzerakoan, gogoan izan du Carlos Urkijok Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak jarritako helegitea Gipuzkoako Aldundiak Xalbador kolegioari emandako 600.000 euroko laguntzaren aurka. Indoren iritziz Urkijoren ekimena "propaganda" eta "komunikazio kanpaina" baino ez da. "Europan gaude eta mugaz gaindiko xedeak zein lurraldeen arteko laguntzak eguneroko errealitatea dira" erran du Indok.
Aurten edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dituzte Gipuzkoa eta Lapurdi guneetan. Euro batean salduko dira edalontzi horiek. Xalbador ikastegiaren aldeko keinu gisa, egunaren bukaeran edalontzi horren balioa Seaskari eskaintzeko eskatu dute Herri Urratseko antolatzaileek.