Euskararen aldeko uholdea espero da gaur Atarrabian

Paz de Ziganda ikastolak antolatuta, Nafarroa Oinez egingo da; diruaren kopuru bat Lodosara joango da

Erredakzioa
Iruñea
2010eko urriaren 17a
00:00
Entzun
30. aldiz ospatuko da aurten Nafarroako ikastolen jai handia: Nafarroa Oinez. Atarrabian egingo da aurten festa, Paz de Ziganda ikastolak antolatuta. Euskaltzale orori bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek. «Behar-beharrezkoa da Nafarroan horrelako jai handi bat egitea. Ahalegina egiten ari gara Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herritik jendea erakartzeko eta gure euskararen aldeko indar hori batzeko», ohartarazi du Paz de Ziganda ikastolako zuzendari Iñaki Errozek. Izan ere, ikastolaren aldeko irabazi ekonomikoak lortzeaz haragoko xedea du Atarrabian egingo den festak: «Euskaraz bizitzeko eskubidea izan nahi dugu, eta gure eskubide hori Nafarroako Gobernuak babestea, onartzea eta kontuan hartzea».

Munduz mundu leloa du gaurko jaiak. Helburu ekonomiko partekatua izango du. Ateratzen den irabazi dena ez da Atarrabian geratuko; %20 Lodosa-Sartagudako Ibaialde ikastolara bideratuko dute, bertan egun duten premia gorriari aurre egiten saiatzeko. Atarrabian, helburu nagusia, berriz, ateratzen den diruari esker batxilergoa irakatsi ahal izateko eraikin bat izatea da.

Erreferentziazko ikastetxea da Nafarroan Paz de Ziganda. 1970. urtean abiatu zuen bidea, eta egun mila ikasletik gora ditu, 42 ikasgelatan banatuta. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan amaitzen dituzte egun ikasleek eskolak ikastetxe honetan, eta horregatik dute ikastolako arduradunek batxilergoa ere bertan eskaintzen hasteko asmo sendoa.

Lehendik ere badakite ikastolako arduradunek zer den Nafarroa Oinez antolatzea. 1991n ere haiek antolatu zuten Nafarroako ikastolen festa handia; 80.000 lagun inguru bildu ziren Atarrabiara, eta lortu zen irabaziari esker ikastola eraikitzeko lurrak erosi zituzten. Urrats erabakigarria izan zen, handik bost urtera-1995ean- Paz de Ziganda ikastolaren eraikina inauguratu baitzuten.

Aurten ere jaiak bat egingo du Txikiak Handi proiektuarekin. Eskoziako kirolari eta artistak etorriko dira, eta hango hainbat politikarik ere jaian parte hartuko dute.



Guneak

Ibilbideak 6,5 kilometro izango ditu, eta bost gune. Bakoitzak Nafarroako herri baten izena izango du:

Lodosa. Musika eta haurrentzako ikuskizunak.

Burlata. Goizean, abesbatzak, bertsolariak eta pailazoak; arratsaldean, dantzarako musika.

Uharte. Gazteentzako musika.

Arre. Gazteentzako musika.

Atarrabia. Hainbat dantza klase ikasteko aukera, egun osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.