Kontu publikoak

Euskararen aurrekontuari %33 kendu nahi dio PPk Arabako Foru Aldundian

2012. eta 2013. urteetan izan duen diruarekin alderatuz, 341.200 euro gutxiago izango ditu hizkuntza sustatzeko programak.

Ivan Santamaria.
2013ko azaroaren 15a
13:51
Entzun

Arabako Foru Aldundiak 686.500 eurorekin hornitu nahi du euskara sustatzeko programa 2014. urteko aurrekontuetan. 2012. eta 2013. urteekin izan duen diruarekin alderatuz, jaitsiera %33 da. Guztira, 341.200 euro gutxiago dira hizkuntz politikak garatzeko, proiektua bere horretan aurrera ateratzen bada. Euskararen aurrekontuari murrizketa handia egin nahi izan zioten 2013an popularrek (506.000 eurora), baina, EAJrekin lortutako akordio baten ondorioz, gastu erreala 2012koaren pare geratu zen. Sail gehienetan murrizketak izango dira. Murrizketatik libratzen dira kuadrilletan euskara teknikariak kontratatzeko laguntzak (233.000 euro).

Erakunde jakin batzuei emandako laguntzetan murrizketa handiak daude. Hala, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza finantzatzeko diru sailak heren bat jaistea proposatuko du, bakoitzarentzat 25.000 euro gutxiago. Arabako Bertsozale Elkartearen laguntza ere %37,5 murriztuko dela diote kontuek, 16.000 eurotik 10.000 eurora.

Heldu den urterako aurrekontu proiektua atzo onartu zuen Arabako foru gobernuak, zeina PPren eskuetan dagoen. Aurrekontu horietan gastu propioa 415 milioi eurora iristea aurreikusi du. 2013. urtean gastatzea espero duen kopurua baino bederatzi milioi euro gehiago dira. Kontuan hartu behar da aurten luzatutako aurrekontuekin aritu dela Javier de Andresen gobernua. Haatik, urterako ezarria zuen gastu muga (397 milioi euro) bederatzi milioi euro handitzeko aukera izan zuen, zorpetzea handitzeko itun bati esker.

Banan-banako diru laguntzei dagokienez, Geu elkarteari ematen zaiona bere horretan uztea jasotzen du proiektuak. Hirinet atari digitala garatzeko 9.000 euro dira. Araba Euskaraz-i dagokionez, laguntzak mila euro gutxiago izango ditu (15.000 euro). Sail berri bat ageri da Euskalerriaren Adiskideen Elkartea finantzatzeko (20.000 euro). Azkenik, Euskoiker fundazioari (2.700 euro) eta Arabako Merkataritza Ganberari (25.000 euro) aurten emandako laguntzak ez dira agertzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.