"Otsailean Egunkaria itxi zutenean, dei zuzena egin genien alderdi politikoei. Orain, berriz, dei berbera egin behar dizuegu, euskararen defentsan eta normalizazio ahaleginetan eragile aktibo izan zaitezten. Egoerak eskatzen du akordio politiko zabala egitea, euskararen normalizazioa garatzeko akordio hori ezinbestekoa baita. Euskalgintzatik eskaera bat egiten dizuegu: ausardiaz jokatzeko, gure hizkuntza eta gure herri izaera aurrera ateratzen laguntzeko, iritzi politiko desberdin guztien gainetik. Hori izango da gure etorkizun baketsurako ekarpen eta bermerik hoberenetakoa", esan du Xabier Mendigurenek, manifestazioaren amaieran, milaka herritarren aurrean, Donostiako Bulevarrean egin duen hitzaldian.
Ildo horretatik, Euskal Herriak, munduko gainerako herriek bezalaxe, bere izaera eta hizkuntza garatzeko eskubidea duela aldarrikatu du Mendigurenek: "Gaur hemen bildu garenok euskaltzaleak izateaz gain, euskal herritar ere bagara. Eta aitortzen dugu herri honek eskubidea duela bere hizkuntza garatzeko eta beste edozein herri bezala bere hizkuntzan bizitzeko. Horregatik, “Gora Euskal Herri Euskalduna” esatera etorri gara. Herri bakoitzak bere hizkuntza sustatzeko, garatzeko eta bultzatzeko eskubidea daukalako. Gure herriak ez duelako salbuespena izan behar", aldarrikatu du.
Mendigurenen aurretik, Joan Mari Torrealdai kulturgile, 'Egunkaria'-ko lehendakari eta kazeta horren aurkako operazioan atxilotu eta auzipetuak hitzegin du. Elkarlanerako deia egin du Torrealdai, eta euskara babesteko eskatu die alderdiei.
"Euskararen herriak babesa behar du. Hitzetatik haratago, atxikimenduetatik haratago, manifestazioetatik ere haratago, elkarlanerako programak behar ditugu, hitzarmen estrategikoak. Behar beharrezkoak ditugu euskalgintza osoa babesteko neurri iraunkorrak eta eraginkorrak", adierazi du Torrealdaik
Elkarlanerako dei garbia egin du: " Orain lehenbailehen behar duguna da euskara eta herri honen nortasuna onartzen duten guzti-guztion ekintza-batasuna, inor baztertzeke.
Alderdiek, taldeek, erakundeek diferentzia legitimo guztien gainetik, eginahalak egin behar dituzte ekintza-batasun bat antolatzeko, Estatu erasoaren tamaina berekoa", aldarrikatu du.
Ildo beretik, euskarak aurrera egin dezan "bakea eta askatasuna" behar dituela aldarrikatu du.
Torrealdaik eta Mendigurenek, biek, euskalgintzaren aurkako operazioetan atxilotu eta espetxeratuak izan dituzte gogoan. Bereziki, uneotan Guardia Zibilaren esku atxilotuta dauden zortzi lagunen egoerari buruzko kezka agertu dute.
Martin Ugalde Kultur Parkearen aurkako operazioa / Donostiako manifestazioa
Euskararen defentsan "akordio politiko zabala egiteko" eskatu die Kontseiluak alderdiei
Xabier mendiguren Bereziartu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak egin du Donostiako manifestazio amaierako hitzaldia. Alderdi politikoiei zuzendu die mezu nagusia: hain zuzen ere, euskararen defentsan "akordio politiko zabala egiteko" eskatu die, eta iritzi desberdintasunen gainetik, ausartak izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu