Ordu gutxitan bigarrenez jo du Nafarroako Auzitegi Nagusiak euskararen dekretuaren aurka. Atzo edukiz hustu zuen, euskara lanpostu publikoetarako meritu gisa ezartzeko betebeharra kenduz eta paisaia linguistikotik baztertuz. Oraingoan Afapna, Medikuen Sindikatua eta Satse sindikatuek dekretuaren aurka jarritako helegiteak baztertu ditu —dekretu osoa indargabetzeko eskatzen zuten sindikatuek—, baina, berriz ere dekretuaren puntu nagusienaren aurka egin du: euskara meritu gisa hartzea ezin da betebehar izan eremu misto eta eta ez euskaldunetako lan deialdietan.
Afapna sindikatuak jarri zion dekretuari helegiteetako bat. Lanpostu elebidunen kopurua eta ezaugarriak zehazten zituzten artikuluen aurka egina zuen Afapnak, baina auzitegiak "ahula eta nahasia" iritzi die aurkeztutako argudioei. Sententziak dio sindikatuak ez duela frogatu zein diren artikulu horrek urratzen dituen eskubideak. Aretoaren arabera, lanpostu elebidunen kopurua eta ezaugarriak zehazten dituen artikulua bat dator euskararen foru legearekin eta Espainiako Konstituzioarekin, lanpostu kopurua hizkuntz eremuen beharren arabera zehaztu behar delako.
Medikuen Sindikatuaren eta Satseren kasuan, dekretuko 27. artikuluaren aurka egin dute, iritziz eremu euskaldunean hizkuntzaren merituari ematen zaion garrantzia "gehiegizkoa" dela, eta horrek "mugatu" egiten duela euskaraz ez dakitenek lanpostua lortzeko dituzten aukerak, "merituen eta gaitasunen arteko berdintasun printzipioa urratuz". Kasu horretan ere, epaileek atzera bota dute helegitea, sindikatuek proportzionaltasunik ezaren frogarik ez dutela aurkeztu alegatuta.
Desadostasunak agerian
Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiak arrakala sortu du gobernukideen artean. Balorazio erabat ezberdina egin dute gobernua osatzen duten alderdiek. Txarretsi egin dute erabakia Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. PSNk, aldiz, ontzat eman du.
Epaia kaleratu orduko azaleratu ziren desadostasunak. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilaria kasazio helegitea aurkeztearen alde mintzatu zen atzo. Gaur, ordea, Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta eledun Javier Remirezek "aukera guztiak irekita" daudela erran du. Gobernuaren zerbitzu juridikoak epaiaren "analisi teknikoa" egiten ari direla azpimarratu du, eta ondorio horiek aztertu ondotik hartuko dutela erabakia. Hizkuntza politikaren arloan gobernuak akordio programatikoan ezarritakoa beteko duela azpimarratu zuen eledunak. Akordio programatikoak hizkuntza politikaren inguruan dio Justiziak hartzen dituen erabakiak errespetatuko dituela gobernuak.
Desadostasunen inguruan galdetuta, gobernua osatzen duten alderdien artean desadostasunak egotea ohikoa dela adierazi zuen Remirezek. Haatik, azpimarratu du gobernuaren "pluraltasuna" dela bere indarguneetako bat.