Hizkuntza eskubideak

Euskararen egoera Nafarroan "tristea" dela eta "atzerantz" egin duela salatu du Euskaltzaindiak

Xabier Kintana Euskaltzaindiako idazkariak gaur adierazi duenez, euskarak Nafarroan bizi duen egoera "tristea" da eta euskal hiztunek "diskriminazioa eta bidegabekeria" pairatzen dute. Nafarroako egoera Euskaltzaindiak gogoko ez duela nabarmendu du, eta, "lehen egoera hobeak" izan arren, "atzerantz" egin dela uste du. Urte berriko Euskaltzaindiaren batzar-egutegia aurkezteko Bilbon eskainitako prentsaurrekoan egin ditu adierazpen horiek Kintanak.

2004ko urtarrilaren 20a
16:01
Entzun
Xabier Kintanaren arabera, oinarrizko giza eskubideak bete beharko lirateke Nafarroan. Hala, Kintanaren iritziz, "legezkoa eta zentzuzkoa" litzateke Nafarroan gaztelania dakitenei ematen zaizkie erraztasun berberak eskaini ahal izatea euskaldunei.

"Hau da, nafar erdaldun batek Nafarroan erdaraz ikasteko eskubidea baldin badu eskolan hasi eta unibertsitateraino, zergatik ukatu behar zaio eskubide hori euskaldunari? Hori argi eta garbi diskriminazioa eta bidegabekeria dela esan daiteke", salatu du.

Nafarroan ez dela bilatzen gaztelania eta euskararen arteko berdintasun-egoera adierazi du Kintanak, "baizik eta badirudi oztopo batzuk ipintzen direla berdintasun hori sekula gerta ez dadin". Egoera "kezkagarria" iruditzen zaio, azken batean, ez delako hizkuntza eskubide bat, giza eskubide orokor bat baizik. "Guk geure protesta azaldu izan dugu baina ezin dugu besterik egin", gaineratu du.

"Euskaltzaindiaren esku ez dago legeak egitea"

Horrela, Kintanak gogoratu du Nafarroako Gobernuak aurkeztutako Nafarroako Euskara Sustatzeko Legea dela-eta, bere kontrako iritzia agertu zuela Akademiak bere egunean, eta, hala ere, legea onartu egin zutela.

"Euskaltzaindiaren esku ez dago legeak egitea. Bai lege horiei bere iritzia ematea, aholkua ematea, baina guk ez dugu hortik gainerako indarrik. Nafarroako egoera ez da Euskaltzaindiaren gogokoa, pentsatzen dugulako lehen egoera hobeak izan direla eta atzerantz egin dela", azaldu du Kintanak. Nafarroan euskarak duen murrizketa "guztiz onartezina" dela esan du, Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoak gaur aurkeztuko duen txostenari aipu eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.