euskara

Euskararen erabilera areagotzeko asmoz, Jaurlaritza plan berria gizarteratzen hasi da

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana zabaltzeko prozesuari ekin dio. Datozen hamar urteetako hizkuntz plangintza gidatu nahi du.

2012ko maiatzaren 24a
17:38
Entzun

Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera areagotzea xede nagusi duen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) gizarteratzeko prozesua hasi du. Egitasmoak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) osatu eta datozen hamar urteetako hizkuntz plangintza gidatu nahi du.

Euskararen Aholku Batzordeko kideek egindako lanari esker, ESEPen sarrera dokumentua osatu dute eta horretarako propio eratutako lantaldeek esparrukako ekintza proposamenak zehaztu dituzte.

Lurdes Auzmendi Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi duenez, "hizkuntz politikaren eremuan gobernu honek hasieratik hartu zuen konpromisoetako bat euskararen normalizazioan aurrera egiteko plan berri bat prestatzea zen. Izan ere, EBPN 1999an onartu zen eta egungo premia berrietara egokitu behar genuen".

Auzmendik esan du adostu duten testua "erabat aproposa" dela eta hiru helburu estrategiko batzen dituela: euskararen jabekuntza, erabilera eta elikadura. Hau da, hizkuntza aberastasuna handitzeko behar diren izapideak eta eguneroko esparru guztiak ukitzen ditu, Jaurlaritzak dioenez: irakaskuntza, administrazioa, lan mundua, hedabideak, kirola eta aisia, kultura, publizitatea. Teknologia berriei ere garrantzi berezia eman diete.

Plan berria gizarteratzeko asmoz, Jaurlaritzak arlokako bilerei ekin die eta, ekainaren 24ra artean jendeak ekarpenak egin ditzake Euskara 21 blogean. Ondoren, proposamen guztiak batu eta Euskararen Aholku Batzordean aztertuko dira. Plana uztailean onartu eta 2013 hasieran ESEP berria indarrean jartzea espero dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.