Frantses Hizkuntzaren Akademiak Frantziako Konstituzioan hizkuntza gutxituei aipamena egitea gaitzetsi egin duela-eta -maiatzaren 22an diputatuek erabaki hori hartu zuten parlamentuan-, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) ustez, akademiak "Frantziako hizkuntzen biziberritzea ez du ondo ezagutzen". Izan ere, Max Brisson EPPko lehendakariaren iritziz, hizkuntza horiek "ez dute [Frantziako] Errepublikaren batasuna arriskuan jartzen".
Akademiak atzo ohartarazi zuen "identitate nazionala arriskuan" jarriko litzatekeela hizkuntza gutxituen aldeko lege egitasmoa Frantziako Konstituzioan txertatuz gero. "Bost mendez frantsesak frantziar nortasuna ondu du, eta ondorioa argi ikusten da Konstituzioko bigarren artikuluan: frantsesa da Frantziako hizkuntza bakarra", zioen.
Brissonek adierazi du akademiaren idatziarekin bistan dela "Frantzian kultura zentralistaren tradizioa" dagoela. Estatuko hizkuntza gutxituek "Frantziako kultura aberastu" egiten dutela uste du, ordea, EPPko lehendakariak.
Euskaltzaindiari "hitsa eta bortitza" iruditu zaio akademiaren agiria, eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako administrazio egituretan euskara "mespretxatu" egiten dela nabarmendu du.
Okzitaniako Azterketen Institutuak ere kritikatu egin du Frantses Hizkuntzaren Akademiaren jarrera, "kulturaren ikuspegi estua baitu".
Alsaziako eskualdeko gobernuko arduradunek esan dute Konstituzioan hizkuntza gutxituei aipamena egiteak ez lukeela frantsesa "ahulduko".
Euskara
Euskararen Erakunde Publikoaren ustez, "hizkuntza gutxituek ez dute Frantziako Errepublikaren batasuna arriskuan jartzen"
Euskaltzaindiari "hitsa eta bortitza" iruditu zaio Frantses Hizkuntzaren Akademiaren agiria, eta euskara "mespretxatu" egiten dela azpimarratu du. Akademiak gaitzetsi egin du Frantziako Konstituzioan hizkuntza gutxituei aipamena egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu