"Euskarak komunikabideetan duen etorkizuna ez da erraza. Diru laguntzen, publizitatearen eta harpidedunen jaitsiera pairatzen ari gara. Baina euskaraz aritzea balio erantsia da, eta euskaraz aritzea gure alde ere izan daiteke". Hala dio Igone Fernandez Gaztezulo aldizkariko zuzendariak. Azkue Fundazioak antolatuta, Sarean jaioberriak. Jakintza Librearen III. Jardunaldiak egiten ari dira gaur, Bilbon, Euskararen Etxean.
Fernandezekin batera, beste sei komunikabidetako kazetariak bildu dira mahai berean. Kazetaritza berria sarean izenburua jarri diote mahai inguruari.
Iñaki Mendizabal Deia-ko kazetariaren arabera, "irakurleak eskatzen duen neurrian egingo du euskarak aurrera komunikabideetan".
Jon Ordoñez BERRIA.INFOko arduradunak esan duenez, "euskararen geroa euskaldunenarekin lotuta doa". Baikorra da Ordoñez. "Baina lan asko dugu egiteko. Komunikabideak une zailetan daude. Baina erronka ezin dugu saihestu, eta, iraganean beste batzuek egin zuten bezala, orain guri dagokigu erronkari aurre egitea".
Inaxio Esnaola Hamaika Telebistako kazetari eta aurkezlea ere baikorra da, "nahiz eta diruaren aldetik garai beltzak izan". Ikusle potentzialarekin lan egin behar dela iruditzen zaio: "Beraiengana hurbildu behar dugu".
Gorka Bereziartua Argia-ko kazetariari gustatuko litzaioke baikorra izatea. "Baina baikorragoa izango nintzateke publizitate instituzionala eta diru laguntzak bestelakoak balira".
Luistxo Fernandez Sustatu.com-eko sortzaileak argi du egoera gaitza dela. "Euskararen panorama kalekoaren parekoa izango da, zaila eta iraupenekoa. Eta hedabideen krisiak txikiei gehiago eragiten die, lehendik ere egoera prekarioagoan zeudelako".
Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak, berriz, aldaketak eskatu ditu. "Hezkuntza ereduak erdararen hegemonia ahalbidetzen du. Beste akordio soziopolitiko bat behar da euskararen inguruan. Eta komunikabideen alorren errekonbertsio bat behar da".