HEZKUNTZA

Euskararen ezagutza hobetzeko

Ziur da eragina izango duela 15 urte barru, «ikasleek euskaraz ondo jakiteko helburua» betetzeko

GASTEIZ
2004ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Anjeles Iztuetak «errealistatzat» jo ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako A, B eta D ereduetako ikasleek euskararen ezagutza hobetzeko neurriak. Hemendik hamabost urtera «helburua lortu edo behintzat hurbildu ahal izateko eragina» izango dutela uste du.

«Ez gaitezen geratu gizartea baino atzerago», eskatu zuen kontseilariak Eusko Legebiltzarreko batzordean, atzo, proposamenak azaltzeko agerraldian. Iztuetaren arabera, xedea da ikasleek 16 urterekin derrigorrezko hezkuntzaldia amaitzea «euskaraz ingelesezko First ziurtagiriaren antzeko maila dutela bermatuta» (First ziurtagiriak egiaztatzen du ingelesaren ezagutza praktikoa izatea erdi bideko mailan).Hezkuntza Sailak hiru neurri nagusi ezarriko ditu indarrean: A ereduan ikasgai bat euskaraz eman beharra, hezkuntza-maila bakoitzean ikasleak euskaraz jakin beharrekoa zehaztea eta irakasleek nork bere gaia euskaraz ganoraz eman ahal izateko ikastaro bereziak eskaintzea.Sailburuak onartu zuen neurriek ez dutela ereduen sistemaren «erreforma bat» osatzen, «hobekuntza bat» baizik. Nolanahi ere, arrazoitu zuen bide hori hobetsi duela jaramon egin baitio Eusko Legebiltzarrak berak duela urtebeteko bilkuran onartutako legez besteko proposamenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrak iazko apirilaren 11n eskatu zuen Eusko Jaurlaritzak «hobekuntza-bideak aztertu eta aurkeztea» hizkuntz normalizazioan jarritako eskolako helburuak betetze aldera.Zernahi gisara, Iztuetak aipatu zuen «ereduez baino gehiago ikastetxeen hizkuntz proiektuez hitz egitea» nahiago duela. Ildo beretik aritu zen EAJko Txomin Aurrekoetxea ere: «Ereduak albo batera utzi, eta, zentroen autonomian oinarrituz, helburuak lortzeko ikastetxe bakoitzak egin beharreko hizkuntz proiektua da garrantzitsuena».

Azterketak datorren urtean

Eusko Jaurlaritzak ez ditu neurriak datorren ikasturtean bertan abiaraziko. Aldiz, datorren urtea baliatuko du argibide gehiago jasotzeko ikasleen euskararen ezagutzari buruz, eta, hala, nahi duten zentroek azterketak egingo dituzte 12 eta 16 urtekoek daukaten maila neurtzeko.

Hala eta guztiz ere, Iztuetak zenbait ondorio atera zituen orain arteko ikerketen arabera. Atzoko batzordean agertu zuen 2000. urteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen azterketa, ereduen araberako ezagutzari buruz (A nahikotik behera badago ere, B eredukoek ozta-ozta lortu zuten eta deigarria da Dkoek soilik 286 ateratzea 500eko eskala batean).Iztuetak ereduen sistemari esker euskararen ezagutza «asko» hedatu izana txalotu zuen; horren eraginez, «B eta D ereduetako ikasleak, oro har, eskolak euskaraz jarraitzeko gai» direla azaldu zuen.Eusko Jaurlaritzak jasotako azterlanek nabarmendu dute oso gogoan hartu beharra dagoela gaur egun irakaskuntzan diharduten irakasle asko euskaldunberriak direla. Era berean, eskolako euskararen kalitatearen alorrean, eskola liburuetako hizkuntza egokia dela egiaztatzeko ekimenak izango direla iragarri zuen.Eusko Jaurlaritza babesten duten talde politikoek neurriak gauzatzeko «babes osoa» duela jakinarazi zioten Iztuetari. IU-EBko Antton Karrerak, adibidez, «oso bide egokia» dela esan zuen: «A ereduan hutsune nabarmena dago, eta neurri hauekin lor liteke helburua».EAko Onintza Lasak, berriz, «ikasle guztiek euskaraz behintzat maila txukuna lortzea erronka handitzat» hartu bazuen ere, sailburua animatu zuen neurriak martxan jartzera.Aurrekoetxeak, Iztuetaren ildotik, inongo erreformarik ez dela ohartarazi zien oposizioko taldeei.

Hezkuntzako zenbait eragileren erantzuna, gaur

Hezkuntzan lanean ari diren zenbait eragilek prentsaurrekoa iragarri dute gaurko, Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren egitasmoari «erantzuna emateko». Honako eragileek emango dute erantzuna: LAB, AEK, Euskal Herriak Bere Eskola, Euskal Herrian Euskaraz, Sortzen Ikasbatuaz eta Ikasle Abertzaleak. Beren esanetan, «Iztuetaren planteamendua okerra da. Eskolak euskaldundu behar du eta A eta B ereduen erreforma batek ez du balio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.