euskara

Euskararen Legea aldatzeko proposamena atzera bota du Nafarroako Parlamentuak

Ezkerrak aurkeztu du egitasmoa, eremu ez-euskaldunean euskaraz ikasteko aukera bermatu ahal izateko. UPNk, PSNk eta PPk kontra bozkatu dute. Bilduk eta NaBaik alde, legearekin bat egin ez arren.

edurne elizondo
2012ko urtarrilaren 17a
16:22
Entzun

Nafarroako Parlamentuak atzera bota du Euskararen Legea aldatu eta euskaraz sare publikoan Nafarroa osoan ikasteko aukera jasotzeko Ezkerrak egindako proposamena. UPNk, PSNk eta PPk kontra bozkatu dute. Alde, berriz, Ezkerrak berak, Bilduk eta NaBaik. Azken bi koalizio horiek, hala ere, argi utzi dute ez dutela bat egiten Euskararen Legearekin, “baztertzailea” delako. 1986an onartu zuen Nafarroak lege hori, eta herrialdea hiru eremutan zatitu zuen.

Ezkerrako parlamentari Txema Mauleonek legea aldatzeko proposamenaren ardatz jo du eskaera. “2008ko datuen arabera, nafarren %66,5 daude euskarazko irakaskuntzaren alde; kopurua %60,8koa da eremu ez-euskaldunean. Hango gurasoen %28,2 prest dira euren seme-alabak D edo B ereduetan matrikulatzeko”. Gizartearen euskararen aldeko jarrerak gora egin duela eta errealitate horri erantzun behar zaiola erran du Mauleonek, “berdintasunean eta askatasunez gurasoek erabaki ahal izateko”.

NaBaiko eta Bilduko ordezkariek erran dute Ezkerrak proposatutako aldaketa ez dela nahikoa, baina haren alde egin dute.

Ez, ordea, UPNk, PSNk eta PPk. UPNko Carmen Gonzalezek argi utzi du proposamenak bertan behera utziko lukeela egun Nafarroa hiru eremutan zatitzen duen sistema. Ez du beharrezkotzat jo, eta adierazi du eremu ez-euskaldunean seme-alabak euskaraz matrikulatu nahi dituzten gurasoek badutela horretarako aukera, hitzartutako zentroen eskutik.

PSNko Pedro Rasconek kontrako argudioak baliatu ditu kontrako boza azaltzeko: “Gizartea aldatzen ari da, eta legea egokitu beharko dugu, baina Ezkerrak proposatzen duen aldaketa ez da esanguratsua”. Gaineratu du egungo legeak ez duela debekatzen sare publikoan eremu ez-euskaldunean euskaraz ikasteko aukera eta hori gauzatzea Nafarroako Gobernuaren hezkuntza politikaren menpe dagoela.

Parlamentuak proposamena atzera bota arren, Ezkerrako Mauleonek auziari buruzko txostena egiteko asmoa agertu du, “eztabaidatzen jarraitu ahal izateko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.