euskara

Euskararen normalizazioan ez ditu atzerapausoak onartuko Kontseiluak

"Bizi dugun egoera edozein dela ere, bidean aurkitzen ditugun oztopoei aurre egin eta lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu", adierazi du Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak.

2009ko apirilaren 25a
18:56
Entzun
Euskal Herriko egoera edozein dela ere, euskararen normalizazio prozesuan aurrera egiteko konpromisoa berretsi du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Agurainen (Araba) egin duen urteko batzarrean.

Xabier Mendiguren Kontseiluaren idazkari nagusiak azaldu duenez, "bizi dugun egoera edozein dela ere, bidean aurkitzen ditugun oztopoei aurre egin eta 10. urteurrenaren testuinguruan azaldutako pauso bat harago leloa irudikatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu".

Eusko Legebiltzarrerako martxoaren 1ean egin ziren hauteskundeen ostean, maiatzaren 5ean Eusko Jaurlaritzan egongo den aldaketari ere erreferentzia egin dio Mendigurenek: "Emango den gobernu aldaketari begira, argi utzi nahi dugu, normalizazioan aurrera pausoak emateko helburu argia dugula eta sortzen den egoera edozein dela ere, gurean jarraituko dugu eta ez dugu atzera pausorik onartuko".

Bide horretan, Kontseiluak lehendakari berriari bilera egiteko eskaera egingo diola azaldu du idazkari nagusiak, "gure asmoak aurrez aurre azaltzeko".

Koldo Tellitu Kontseiluaren lehendakariak adierazi du Euskal Herriko egoerak eta testuinguruak aldatzen direnez, ezinbestekoa dela Kontseilua garai berrietara egokitzea. "Beti ere, gure helburua lortzeko bidean eraginkorragoak izateko asmoz", nabarmendu du Tellituk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.