Euskara

Euskararen ofizialtasunaren aldarria berretsi dute Baionan milaka lagunek

Mizel Oronoz Konfederazioko presidenteak "hitza betetzeko" eskatu dio Frantziako Gobernuari amaierako diskurtsoan. Xabier Mendiguren, berriz, "frantsesak duen lege estatuta beste hizkuntzei ere aitortzeaz" mintzatu da.

2009ko urriaren 24a
21:00
Entzun
Euskarak ez du oinarri juridikorik Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan eta, ofizialtasuna lortzeko bidean pauso handiagoak emate aldera, gaur euskara ofiziala izatea aldarrikatu dute Baionan milaka lagunek. Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak antolatu dute ekitaldia eta haien ustez, 5.000 lagun inguruk parte hartu dute. Hainbat eragilek ere bat egin dute deialdiarekin.

Manifestazioko bukaerako diskurtsoa Mizel Oronoz Konfederazioko presidenteak eta Xabier Mendiguren idazleak egin dute. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteari "hitza betetzeko" eskatu dio berriro ere Oronozek eta Mendiguren, berriz, "ofizialtasunaren beharrari buruz" aritu da, "frantsesak duen lege estatuta beste hizkuntzei ere aitortzeaz", hain zehazki.

Agindutakoa betetzeko eskaera Frantziako Gobernuko agintariei helarazteko antolatu dute gaurko Baionako manifestazioa. Maiatzerako hasi ziren ekimenak egiten; gaurko martxa izan da ekitaldi nagusia.

Kontseiluaren iritziz, "zeregin handia" dago Ipar Euskal Herrian euskarari dagokionez. "Euskararen etorkizuna denon eginkizuna da".



Aurten, Ipar Euskal Herrian ez ezik, hizkuntza gutxituak dituzten beste herrialde batzuetan ere egingo dituzte ekimenak; Bretainian, Okzitanian, Alsazian, Korsikan, Reunion uhartean eta Ipar Katalunian, kasu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.