Enpresa txiki eta ertainetatik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %38k uste dute euskara abantaila bat dela lehiarako. %54k gaztelania hutsez lan egiten dute. «Ez dut uste datu onak direnik. Badaukagu lan pixka bat egiteko», ondorioztatu du Josu Waliño Languneko presidenteak. Enpresa gehienek erdaraz lan egiten eta kaleratzen jarraitzen dute; ez dute kontuan hartzen euskara negozioa zabaltzeko tresna izan daitekeela. Baina euskarak bideak irekitzeko balio dezakeela uste dute beste askok, eta lantegiek ere badutela zer egina euskararen normalizazioan. Horregatik batu dira ia ehun enpresatako 200 bat langile Enpresarean azokan, Donostian, euskaraz lan egiten duten enpresen lehen azokan.
«Espektatiba handiak» zituzten antolatzaileek, eta parte handi batean bete dituzte. «Espero dugu azoka honek asko ematea. Enpresei negozio aukera berriak sortzen lagundu nahi diegu». Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriko zuzendari eta azokaren antolatzaileak hitz horiekin ekin zion, atzo, ekitaldiari. «Oso pozik» da Gutierrez, orain bi urte izandako «amets hura» gauzatzen ikusita. «Euskaraz ari diren enpresen arteko lankidetza bultzatzea», hori izan da helburua, enpresa, euskara eta sareak josiz. Azokak agertu du enpresek badutela gaiotan interesa, Gutierrezen arabera.
Goizetik arratsera, parte hartzaileek aukera ugari izan zituzten, atzo, elkar ezagutu eta ideiak eta esperientziak trukatzeko. Azokari ekiteko hitzaldiaren ondoren, aurkezpen laburrak egin zituzten hamabost enpresek. Tarteetan, enpresek euren artean harremanetan jartzeko leku bat eduki zuten, baita aurkezpen bizkorrak egiteko oholtza bat ere.
Krisia zuten ahotan parte hartzaileetako askok. Krisitik ateratzeko, hain justu, norbere sustraiei eusteak etorkizunean izango duen garrantziaz solastatu zen Guillermo Dorronsoro, Deusto Business Schooleko dekanoa. Hark egin zuen sarrerako hitzaldia: Sustraiak han dituena. Globalizazioa bertako begiez ikusita. Zehaztu zuen egungo sistema ekonomikoak ez diela balio pertsonei, globaliazioa «gaizki» osatu delako. Bestelako globalizazio bat altxatu behar dela esan zuen, eta globalizazio horren muinetako bat «sustraiei» eustea izango dela: «Dauzkagun arazoak konpontzeko bidea gure sustraietan dago».
Euskarak negoziotarako izan dezakeen balioaz aritu ziren hizlari asko. Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak azaldu zuen euskaraz egiten duten enpresa eta erakundeek «konplizitate handia» lortzen dutela, langileen atxikimendua areagotuta. Beren esperientzien berri eman zuten enpresa askok, zailtasunak aitortuz, baina baita lorpenak eta emaitzak nabarmenduz ere. Latz Tresnak enpresak, adibidez, azaldu zuen euskaraz lan egiten hasi zenetik bezero gehiago lortu dituela.
Arratsaldeko hitzaldian esku hartu zuen Etxeburuak, Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak, Eneko Astigarraga Codesyntaxeko langileak eta Unai Bilbaok. Nabarmendu zuten instituzio publikoen lana behar dela enpresa munduan euskara normalizatzeko, baina erantsi zuten herritar eta eragile politikoen bultzada ere beharrezko dela. Hain justu, goizeko saioan hitz egin zuen Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak; aldundiak iragarri zuen laguntzak emango dituelaeuskara ikastea «errazagoa izan dadin». Esan zuen erakunde publikoek «traktore» lana egin behar dutela.
Harremanetarako aukera
Emandako aukera baliatu zuten enpresek. Unai Blanco Akting enpresako langilea horretan aritu zen. «Ea jende asko ezagutu eta proiektu asko sortzen diren». Elkar ezagutzeko eta besteek ere Akting ezagutzeko asmoz joan ziren, eta hizketaldi «interesgarriak» izan zituztela azaldu zuen. Baziren hitz egitera baino gehiago entzutera joandakoak ere. Lorea Izagirre Giroa lantegiko euskara teknikaria, adibidez, «besteek nola lan egiten duten ezagutzeko, ikusteko eta ikasteko» joan zen azokara. Eragile bakoitzak bere sare ohikoak izaten dituela uste du Izagirrek, eta azoka baliagarri izan dela horiek zabaltzeko.
«Jende eta enpresa asko» elkartu zirelako kontentu zen Mikel Insausti Ekoguneko zuzendaria: «Lehen urratsa izateko, oso garrantzitsua izan da. Antolatzaileak zoriondu behar ditugu». Zehaztu zuen parte hartzaile gehienak euskalgintza ingurukoak zirela: «Uste dut hemen falta direla motor ekonomiko diren enpresa batzuk, industriakoak, zerbitzuetakoak... Uste dut hori izango dela heldu den urterako erronka, enpresa horiek erakartzea». Izango da horretarako aukera datorren urtean. Rober Gutierrezek iragarri zuen asmoa dutela 2013an azoka errepikatzeko. Interneten ere jarraituko du egitasmoak, www. enpresarean.org helbidean.
Euskararentzako negozioa
Ehun bat enpresa; berrehun bat langile. Denak, euskaraz lan egiten dutenak. Enpresarean azoka izan dute lehen topaleku. Bai Euskarari Ziurtagiriak ekitaldia errepikatzeko asmoa du datorren urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu