"Euskararentzat estatus egokia" aldarrikatu du gaur eguerdian Kontseiluak, Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena aurkeztean, eta estatus horrek "berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa" izan behar duela zehaztu du. Halaber, "kanpoko esku hartzerik gabeko hizkuntz politika" eskatu du.
Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta ekonomiko garrantzitsuenei aurkeztu die adierazpena Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Donostian, Kutxa Andia aretoan.
Gaurko "prozesuan" euskarak "dagokion lekua" izan behar duela esan du Paul Bilbao idazkari nagusiak. "Kezkaz bizi dugu egungo egoera. Azken hilabeteotan mota askotako erpinak dituen gatazka amaitzeko urratsak egiten ari dira, baina tamalez, euskararen gaia ez dago agendetan behar bezala txertatua. Ezer gutxi ari dira jasotzen euskararen gutxienekoez. Wragile guztiek garbi izan behar lukete normalizaziorako sortuko den oinarri berriak ezinbestez izan behar duela kontuan euskararen normalizazioa".
Eragile politiko, sozial, sindikal eta ekonomiko guztiei dei zuzena egin die Kontseilak, euren eremuan euskaraz bizitzeko baldintzak erdiestearen ardurak har ditzaten. "Ardura denona da, guk geurea ez dugu saihestu nahi, eta horrexegatik beste eragileei erantzukizunari muzinik egin gabe joka dezatela eskatu nahi diegu".
Halaber, "herri-gogo indartsua ere nahitaezkoa" dela uste du. "Hori erantzukizunak eskatzeko eta jarrerak baldintzatzeko gai bihurtu behar dugu".
Ekitaldian Lodosako ikastolako bi ikaslek azaldu dute eurek euskaraz ikasteko urtean hamabi mila kilometro egin behar izaten dituztela.