Espainiako Estatuko abokatuak auzibidean jarri ditu Gipuzkoako hainbat udalek euskarari lehentasuna emateko hartutako neurriak. Helegitea aurkeztu die udal batzuen erabakiei. Momentuz Anoetako eta Lezoko udal gobernuek jaso dute helegite horien berri, baina 36 udalek hartu dituzte erabaki horiek azken hilabeteetan.
Joan den urtarrilean, Gipuzkoako 36 udalek jakinarazi zuten beren jardunean euskarari lehentasuna emateko hainbat neurri hartuko zituztela.
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Urola Kostako Mankomunitateak ere bat egin zuten akordio horretan. Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz udazkenean hartu zituen gisa bereko erabakiak.
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariak orduan iragarri zuen ikertu egingo zituztela erabaki horiek, euskarari lehentasuna emateak legea urratu zezakeelakoan.
Orain Espainiako Estatuko abokatuak hartu du lekukoa. Helegitea aurkeztu die, gutxienez, Lezoko eta Anoetako udalen erabakiei. Litekeena da datozen asteetan antzeko neurriak hartu dituzten beste udalei ere helegiteak jartzea.
Helegite horiek tramitera onartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta informazioa eskatu die Lezoko eta Anoetako udalei.
Udalei galdegin die euskara lehenesteko hartutako akordioen agiriak bidaltzeko. Hogei eguneko epea jarri die horretarako.
Auzitegiak udalei espresuki zehaztu die auzirako igorritako agiriek gaztelaniaz egon behar dutela, legea jarraituz: "Euskara hutsean eginda dauden dokumentu guztiak gaztelaniara itzulita bidali beharko dira".
Kontseiluak eraso izaera eman dio
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eraso izaera eman dio Espainiako Estatuko abokatuak Gipuzkoako hainbat udalek euskararen normalizazioaren alde hartutako erabakien kontra hasitako jardunbide judizialari. “Beste behin, Estatuak boterea darabil, gure hizkuntzaren, herri honetako berezko hizkuntzaren, berreskurapen-prozesuari galga jartzeko” adierazi du. “Beste behin jakinarazi nahi izan zigun, erabaki ausartak hartuz gero, Damoklesen ezpata une oro gainean izango dugula, hau da, gure hizkuntzaren berreskurapen-prozesuan haiek dutela azken hitza”.