UNIBERTSITATEA. EUSKARA

Euskaraz ari diren ikasleen kopurua 16 aldiz handitu da 15 urtean

EHUn sartzen diren ikasleen %49 elebidunak dira baina soilik %32k ikasten dute euskaraz

Asier Iturriagaetxebarria.
Bilbo
2005eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitatean nabarmen hazi da euskarak irabazi duen lekua, oraindik bidea egiteko geratzen zaion arren. Urrun geratzen dira eskolak euskaraz emateko lehen ahalegin haiek. Hain zuzen, garai hartako Bilboko Unibertsitatearen barruan zegoen Donostiako Kimika Fakultatean izan zen lehen ahalegina, 1976-77 ikasturtean. Hiru urte geroago beste aurrerapauso esanguratsu bat gertatu zen: Leioako Zientzia Fakultateko biologiako ikasturtea osoa euskaraz egin ahal izan zuten ikasleek.

Euskara hutsez ikasi ahal izateko bidean zailtasun asko izan dira, sarritan ezin izan direlako aurkitu euskaraz eskolak emateko gai ziren irakasle egokiak, azken urteotan arazo hori ere konpontzen joan bada ere.Premia horren ondorioz, bi euskalduntze plan indarrean ipini ditu urteotan EHUk. Beti ere ikasketak euskaraz egiteko eskari handiena zegoen lekuaren arabera jokatu du EHUk. Egindako ahaleginaren ondorioz eta batxillergotik datozen ikasle gero eta gehiago elebidunak direla kontuan hartuta (azken ikasturtean EHUn sartutako ikasleen %49 dira elebidunak), 1988-89 ikasturtetik 16 aldiz biderkatu da beren ikasketak euskaraz egiten ari direnen kopurua. Orain dela 17 urte, 968 ziren ikasketak euskaraz egiten ari zirenak; hau da, ikasleria guztiaren %2,4. Gaur egun, ordea, 15.781 dira euskaraz ari diren ikasleak, ikasleriaren %32.Ikaslerian izan den hazkundearen parekoa egon da euskaraz ikasteko izan den eta dagoen eskariari erantzuteko ere. Hala ere, ikasleriaren hazkundea zertxobait txikiagoa izan da, 88-89 ikasturtetik 10 aldiz handitu delako. Ikasturte hartan 92 ikasle elebidun baino ez zeuden, irakasleriaren %3,45, hain zuzen. Ikasturte honetan eskolak euskaraz zein gaztelaniaz emateko gai diren irakasleak 1.273 dira, EHUko irakasleen %30.Euskararen egoerak nabarmen egin du hobera EHUn, baina gaur egun agintean dagoen taldea jakitun da ez dela nahikoa dagoen eskariari erantzuteko. Juan Ignacio Perez egungo EHUko errektorea izan zen Lehen Euskara Plana prestatu zuena, Pello Salaburu errektore izan zen sasoian. Hala ere, egungo garaietara egokitzeko euskara planik, izen horrekin ez behintzat, ez dela behar deritzo. Kargua iazko maiatzean hartu zuenetik, premia handienak dauden lekuen bila ari da Euskara Errektoreordetza. EHUk ez du gaur egun baliabide ekonomiko askorik irakasle berriak kontratatzeko, eta horren jakitun da talde errektorala. Hala, bere asmoa beste bat da: erretiratzen diren irakasleen ordez elebidunak kontratatzea.

IA: «Hutsuneak daude oraindik»

Euskarak EHUn izan duen bilakaera baikorra izan dela aitortu arren, oraindik hutsuneak daudela agertu du Ikasle Abertzaleak (IA) EHUn ikasleen ordezkaritza handiena duen taldeak. «Euskararen egoera lehen baino hobea dela egia da, baina oraindik hutsuneak daude», agertu du Egoitz Albizu IAko ordezkariak. Gogoratu duenez, Bigarren Euskara Plana oraindik amaitu gabe dago, eta orain ez dago euskara plan zehatzik. «Gainera, Euskara Plana betetzeko jarri zituzten helburuak oso apalak zirela kontuan izan behar da. Zaharkituak geratu dira, gainera. Hala ere, helburu zaharkitu eta apal horiek betetzeko ere ez dira gai. Ezin da ziurtatu bere ikasketa guztiak euskaraz egin nahi dituenak horretarako aukera izango duela», salatu du.

Baina EHUk 25 urteotan izan duen bilakaera ez da euskarak izan duen ibilbidean ikusten. Esaterako, 88-89 ikasturtean 30 ziren unibertsitate publikoak eskaintzen zituen titulazioak. 17 urtean bikoiztu baino gehiago egin da titulazioen kopurua, eta ikasturte honetan 78 izango dira. Aurkeztutako doktorego tesien kopurua izan da igoera aipagarriena izan duena. Orain 17 urte, 11 baino ez ziren izan, eta iaz 271 izan ziren aurkeztutako tesiak. Horrek eragin zuzen-zuzena du EHUren produkzio zientifikoan. Hala, 2003. urtean 703 lan zientifiko argitaratu zituzten EHUko irakasleek. Emakumeak ere apurka-apurka joan dira beren lekua irabazten Unibertsitatean, eta 92-93 ikasturtetik gizonezko ikasleak baino gehiago dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.